Amedeko (Diyarbakir) hiri zaharra inguratzen duten harresietako gaina da Sur auzoaren suntsiketaz jabetzeko lekurik aproposena. Handik ikusten da hondamendiaren tamaina. Milaka lagun bizi ziren auzoa hondakin bihurtu dute. Soilik hondeamakinak eta bi mezkita ikus daitezke triskantzaren erdian. Ez da kasualitatea. Turkiako estatuaren proiektua islatzen dituzten elementuak dira: hondeamakinak eta hondakinak herri kurduaren suntsiketaren adierazle; mezkitak AKPren proiektu islamizatzailearen ikur.
Amed 930.000 biztanleko hiria da, Bakurreko (Turkiako Kurdistan) hiriburua. Hiri zahar hau gertakizun askoren lekukoa izan da. Pasarte gehienek herri kurduaren erresistentzia dute protagonista. Amedeko biztanleriaren gehiengoa kurdua da, soilik ehuneko txiki batek du jatorri turkiarra. Horietako asko poliziak eta funtzionarioak dira. Urteen poderioz, asko hedatu da hiria. Horren arrazoi nagusietako bat izan dira 90. hamarkadan Turkiako estatuak herri askoren kontrako eraso militarrak. PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) ahultzeko nahian ehundaka herri suntsitu eta erraustu zituen Turkiak. Suntsipenetik ihesitako askok Ameden hartu zuten babes, hiri zaharreko harresietatik kanpo, Surreko auzoan bertan.
Surreko auzoaren suntsiketa Bakur eskualdeko beste herri batzuk desagerrarazteko planaren barruan zegoen. 2013-2015eko PKK eta Turkiako gobernuaren arteko bake-elkarrizketak burutzen ari ziren bitartean, Turkiako gobernuak plan hau antolatu zuen. Garai hura baliatu zuen Turkiako estatuak militarki indartzeko, baita planaren ezaugarriak zehazteko ere, plana burutzeko zenbat pertsona hil beharko lituzkete definitzeraino. Bakurreko beste 12 barruti ere jomugan zeuden: HDPk (kurduen alderdia) bozen gehiengoa (%92a) lortu zuen eremuetan, alegia.
Turkiako estatuak bake-elkarrizketak zapuztu zituenean, Kurdistango Askapenerako Mugimenduak autonomia demokratikoa aldarrikatu zuen eta aipatutako barrutietan indarrean jartzeari ekin zioten. Zonalde askatuak ziren horiek, Konfederalismo Demokratikoaren ideiei jarraituz autogobernua eraikitzeko sortuak. Orduan jaio ziren YPS eta YPS-JIN milizia kurduak, Turkiako armadaren oldarraldiari aurre egiteko eta eremu hauek defendatzeko. Autonomia demokratikoaren aldarrikapenaren ostean, Turkiako armadak sarraski handiak egin zituen. Ameden, eta bereziki Surren, era gordinean bizi izan zen gatazka hau.
Biziberritze artifiziala
2016ko guda aitzakiatzat hartuz, Turkiako Gobernuak Surreko auzo ugari suntsitu ditu. Jabetzak nola edo hala lapurtu eta hondeamakinak sartu dituzte den-dena lurrera botatzeko. Hau izan da jokabidea. Horrek lekualdatze masiboa eragin du 35.000 desplazatu inguru sortuz. Egun tiro hotsak aspaldi ez entzun arren, aurrera jarraitzen du Turkiako Gobernuaren proiektuak.
Zenbakiak argi mintzo dira: 148 hektarea ditu Surrek eta horietako 46 suntsitu dituzte. Beste 75 hektaretako eremura ezin da sartu: dena hesitu dute hondamendia ikusezin bihurtzeko.
Baina ez da suntsiketa hutsa Turkiako gobernuaren helburua. Eraikinen eraisketarekin batera, Sur berreraikitzeari ekin diote. Porlanaren negozioa lagun, aberatsentzako auzoak sortzen ari dira. Surreko memoriarekiko arrotzak suertatzen diren eraikinak ugarituz, auzo artifiziala sortzen ari dira. Garestituz doa pixkanaka-pixkanaka Surreko bizimodua. Jatorrizko auzokideek ezin diote garestitzeari aurre egin.
Militarizazio prozesuaren beste atal bat da. Sei polizia-etxe egin dituzte azken 3 urteetan. Hondatutako errepideak, lehen estuak eta bihurgunetsuak izanik, zabalak berregin dituzte, Poliziaren eta militarren auto blindatuak erraz pasa daitezen. Surreko harresiko sarreretan checkpoint iraunkorrak ezarri dituzte eta edonon aurki daitezke kalez jantzitako poliziak. Poliziaren presentzia itogarria da.
Inposaketaren tresnak
Hastapenetan, indarkeria eta auzoaren suntsiketa erabili arren, orain beste tresna batzuk baliatzen ari da Turkiako gobernua bere proiektua aurrera eramateko.
Dagoeneko, auzoaren %90a Turkiako Estatuarena da. 2017ko Newroz-en (martxoak 21) ostean desjabetzeak egiten hasi ziren. Hala ere, 2016ko gatazka armatua baino lehen hasitako joera da: 2012an Amedeko udaletxeak eta Turkiako gobernuak akordioa sinatu zuten Surreko biztanleria lekualdatzeko eta kanpoaldeko eraikin berrietara bidaltzeko. Bizitzarik gabeko auzoak dira hauek: eraikin altuak eta mimetikoak, komertziorik gabekoak.
Gainera, kasu askotan desjabetzeengatik familiei agindutako 10.000 (2.125 euro inguru) lirako kalte-ordainketa ez da inoiz heldu. Familiek etxe berrietako alokairuei aurre egiteko arazoak dituzte. Askok eta askok senide edo ezagunen etxeetan bilatu dute babesa.
Desjabetze hauek aurrera eramateko, Turkiako gobernuak bere menpe dituen tresna guztiak erabili ditu. Elektrizitatea eta ur hornidura moztea edo osasun eta hezkuntza zerbitzuak Surretik beste auzoetara mugiaraztea, adibidez. Hala eta guztiz ere, bere kabuz ez mugitzeko erabakia hartu duten familien kasuetan, hondeamakinak erabili dituzte etxeak lurrera botatzeko.
Degradazio soziala ere sustatu dute. Turkiako Gobernuak drogak eta prostituzioa sartu ditu Surreko kaleetan. Bizimodua gaiztotzearekin batera, gazteriaren desmobilizazioa bilatu dute drogen hedapenarekin. Ukaezina da Sur auzo politizatua zela. Familia asko Surrera etorriak ziren gatazka armatuaren eta Turkiako armadaren jazarpenaren eraginez. Kurdistango Askapen Mugimenduak auzotar gehienen babesa zuen. Horren erakusle, 2016ko Turkiako armadaren oldarraldiari eman zitzaion erantzuna.
Herri kurduaren bizimodua jo-puntuan
Harreman sozialei eragiten die Turkiako Gobernuaren ofentsibak. Amedeko basaltozko harresi ospetsuez gain, Amed eta Surreko etxe tradizionalek ere historia luzea dute. Ameden bizi izan diren armeniarren eta kurduen aztarna dira.
Harreman berezia dute eraikin eta kaleen antolaketak eta kurduen identitatearen eraikuntza sozialak. Herri kurduaren idiosinkrasiaren erakusle dira eraikinak. Kurduen jendarteak komunitatea du oinarri. Kale estuek auzokideen artean harremanak sustatzen dituzten ingurua osatzen dute. Dendatxoek, tailerrek, eraikin armeniarrek eta kafetegiek arriskuan dagoen geografia soziala konposatzen dute. Eraikin askotako erdigunea patio bat izatea ez da kasualitatea. Familien arteko topagune dira. Historian familia hauek pairatutako jazarpenek haien arteko elkar laguntza eta auzolana garatzea ekarri du.
Erresistentzia modu berri bat
Baina hondamendi honen aurrean ez dira geldirik egon. Duela urtebete Sur Babesteko Plataforma sortu zen. Izenak ongi aditzera ematen duen moduan, plataformaren helburua Sur babestea da: auzoaren idiosinkrasia bere horretan mantentzea. Plataforman hainbat eragile dago (feministak, ekologistak, alderdi ezkertiarrak…) eta plataformako kideen arabera 1.000 bat ekintzailek parte hartzen dute.
Lehen hilabete hauetan sentsibilizazio kanpainari ekin diote. Auzokideekin bilerak egiten dituzte egoera gordinaz hausnartzeko. Surreko biztanleak mobilizatzea dute helburu. Horrekin batera, Amedeko eragileekin batzartzen ari dira, gero eta babes handiagoa lortze aldera.
Bide legala ez dute baztertu. Desjabetutako familiekin batera, espropiazioaren kontra prozedura judizialari hasiera eman diote desjabetzeak salatuz. Turkiako Justizia kolapsatuta dagoela probestuz, salaketek ez dute ez aurrera ez atzera egin. Gauzak horrela, desjabetzeak eta lekualdatzeak ez dira ikertu nahiz eta ilegalak izateko zantzuak egon.
Kurdistango gatazka politikoa laburbiltzen duen adibidea da Amedeko bataila. Turkiak erasoaldia militarra eta garbiketa etniko-kulturala uztartu ditu herri kurdua suntsitzeko. Baina egoera zaila izan arren, Kurdistango Askapen Mugimendua, borrokarako bide guztiak baliatuz, bere proiektu politikoa garatzen ari da: Konfederalismo Demokratikoa.