Bi urtez milaka hildako eragin dituen gatazka amaitzeko akordioa sinatu dute Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko TPLF gerrillak Pretorian, Hegoafrikan. Afrikako Batasuneko bitartekaritza izan dute bake negoziazioetan.
2020ko azaroaren 4an Etiopiako armadak Tigrayko eskualdearen kontrako erasoa hasi zuenetik milaka hildako izan dira Etiopiako Gobernuaren eta Tigrayko Herria Askatzeko Frontearen (TPLF ingelesezko sigletan) arteko gatazkan. Etiopiako indarrek Eritreako tropen laguntzarekin egin sarraski eta sexu-krimenek ia bi milioi errefuxiatu ere eragin dituzte.
Bi urte geroago bake akordioa adostu dute bi aldeek. Negoziazioak Hegoafrikan abiatu zituzten, Pretoria hiriburuan, urriaren 25ean, Afrikako Batasunaren (AB) bitartekaritzarekin. Su-etena adosteaz gain, armagabetze "sistematikoa, ordenatua eta antolatua" ere hitzartu dute. Gainera, herritarrak lehengaiez hornitzeko eta zerbitzuak eskaintzeko trabak kentzea ere adostu dute.
ABko goi ordezkari Olusegun Obasanjoren hitzetan "gaur egunsenti berri baten hasiera da Etiopian". Hala ere, ABk bake prozesua gainbegiratuko duela jakinarazi du Obasanjok eta hau "hasiera" baino ez dela.
Gatazkak iraun duen bitartean Tigrayk jasan dituen erasoak oihartzun mediatiko oso urria izan dute, eta nazioarteko komunitateak gehienez ere lurraldean gertatzen ari denaren inguruko "kezka" azaldu du. Baina, ikusezintasun horren atzean, Etiopiako Gobernuaren bonbardaketek 400.000 pertsonatik gora gosete egoeran utzi dituzte, besteak beste.
ARGIAn duela urtebete erreportaje zabala kaleratu genuen Axier Lopezen eskutik Tigrayko gerraren inguruan.