Su etenik gabeko bost egunen ondoren, guztira 33 palestinar hil dituzte Gazan, horietatik zazpi haurrak, eta 147 zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Asteburuan su etena hitzartu dute Israelek eta Palestinak, Egiptoren bitartekaritzarekin. Israelgo lehen ministroak esan du Gazaren aurkako bonbardaketak "operazio perfektua" direla.
Su etena larunbat gauean adostu dute Israelek eta Gazako indarrek. Igande arratsaldean, ordea, alarmak berriro piztu dira Gazatik hurbil dauden Israelen menpeko lurretan. Israelgo Armadak berretsi egin du kohete bat jaurti dutela, baina Zerrendako miliziek berehala azaldu dute arazo tekniko baten ondorioz nahi gabe egin dutela tiro, eta su etenaren aldeko konpromisoa berretsi dute.
Ordutik, egoera egonkortu dela dirudi. Segurtasun-ebaluazio baten ondoren, Israelgo Armadak “pixkanaka mugimenduen murrizketak kentzea" erabaki du, Israelgo eremu eta herri palestinarretik hurbil.
Netanyahu harro
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "operazio perfektu" gisa definitu ditu iragan asteko Gazaren aurkako bonbardaketak, besteak beste zazpi haurren heriotza eragin dutenak, Naizek jaso duenez: "Eragiketa perfektua izan zen. Yihadeko hamazazpi komando zentro suntsitu ditugu, dozenaka terrorista eliminatu, eta tankeen aurkako unitateak suntsitu ditugu".
Ohartarazi du Israeli kalte egiten dietenek edo saiatzen direnek ordaindu egingo dutela, eta Gazan zein Gazatik haratago dituen etsaiek badakitela ezkutatzen saiatuz gero, haiengana iritsiko direla.