Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude oraindik.
Israelek eta Hamasek adostutako su-etena hausteko kolokan egon da aste guztian zehar, talde palestinarrak bi aldeak egitekoak ziren preso trukea behin-behinean atzeratzea erabaki ondoren astelehenean. Azkenean, ordea, Hamasek hitzartutako neurriak betetzen jarraituko duela iragarri du eta asteburuan hiru bahitu israeldar askatu ditu. Israelek 369 preso palestinar utzi ditu aske.
Aurreko preso trukeen gisara, Hamaseko hainbat kidek oholtza baten gainera igo dituzte hiru gatibuak, Khan Yunisen, Gazako zerrendaren hegoaldean, eta ondoren Gurutze Gorriko ibilgailu batean garraiatu dituzte Israelgo mugara.
Tentsio handiko astea
Erakunde palestinarrak Israeli menian adostutakoa ez betetzea leporatu zion astelehenean, eta iragarri zuen larunbateko preso trukea bertan behera gelditu zitekeela. Hamasen eta Israelen arteko tentsio beteko testuinguruan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak nahiz Donald Trump AEBetako presidenteak mehatxu egin zuten, larunbateko preso trukea egin ezean, gerrari berriro ekingo ziotela Gazan eta "infernu" bihurtuko zutela. Netanyahuren ustez, Etxe Zuriko maizter berriarekin batera eginiko adierazpen horiek baldintzatu dute talde palestinarrak azkenean su-etenaren neurriak betetzea. Hamasek, ordea, bitartekariek –Egipto eta Qatar aipatu ditu– eginiko lana aitortu du eta Gazara sartu behar den laguntza hobetuko dela jakinarazi du.
Preso trukea gauzatu eta berehala kaleratutako ohar batean, Hamasek adierazi du aurrerantzean gatibuak askatzeko modu bakarra Israelek "su-etena errespetatzea" dela.