argia.eus
INPRIMATU
Desadostasunak direla eta, gelditu egin dute Mariupoleko korridore humanitarioa
  • Errusiak eta Ukrainak su-etena adostu zuten gaur goizerako Mariupolen eta Volonovakhan, baina korridore humanitarioa gelditu egin dute. 

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 05a

Errusiak eta Ukrainak ezin izan dute Mariupoleko korridore humanitarioan zibilen ebakuazio segurua bermatu, eta gelditu egin behar izan dute. Gaur goizeko 08:00etan (Moskuko 10:00ak) zegoen aurreikusia bost orduko su-etena, zibilen ebakuazioa ahalbidetzeko eta elikagaiak eta botikak eramateko. Hala ere, hasieratik Ukrainako indarrek adierazi dute Errusia ez zela su-etena behatzen ari, eta duela gutxi adierazi dute gelditu egin dutela korridore humanitarioa, arrazoi berdinagatik. 

Bestalde, Donetskeko Herri Errepublikako Lurralde Defentsarako egoitzak adierazi du ukrainar nazionalistak izan direla Mariupoleko biztanleria zibila ebakuatzeko korridore humanitarioa irekitzea galarazi dutenak. Nazio Batuen Erakundeko Errusiako ordezkariak ondorengoa adierazi du NBEko bileran: "Terroristek ez diote biztanleria zibilari hirietatik alde egiten uzten".