argia.eus
INPRIMATU
Su-etena Donbassen, Kievek eta separatistek adostasuna lortuta
  • Bielorrusiako Minsken Ukrainako gobernuak eta Donbasseko separatistek burututako bilkurak ekarri du emaitza: irailaren 5eko arratsaldeko 18:00etatik (Ukrainako ordua, 17:00 Euskal Herrian) abian dago su-etena. Une horretan alde bietako militar eta milizianoak zeuden posizioetan finkaturik geratuko dira eta presoen trukaketa egiten hasiko. Tregoak ez du esan nahi, noski, bi aldeetako inork bere helburuei uko egiten dienik. Minskeko elkarrizketetan matxino errusiazaleen ordezkari aritu dira Luhansk eta Donetskeko herri errepublikako ordezkariak, artean Alexander Zakharxenko lehen ministroa. Moskuk berehala txalotu du bi aldeen artean erabakitako menia. Mendebaldeko iturriak, hasieran bederen, uzkurrago azaldu dira. 12 puntu dauzka su-etenaren akordioak baina oraindik ez da zabaldu horien dokumenturik.

ARGIA @argia 2014ko irailaren 05
Su-etena adostu dute Minsk-en ostiralean.

2.600 pertsona baino gehiagok galdu du bizia orain artean. Guduak eten dira Kieveko armada posizioak galtzen aritu ostean: Luhansk hiriko aireportuaren galera, fronte berria Azov itsasoko kostaldean, miliziano separatistak Mariupolera hurbiltzen... Joan den astean Minsken Vladimir Putin eta Petro Poroxenko bildu ostean nahasmendua etengabea izan da Ukrainako ekialdeko gatazkan, une batzuetan armak isiltzea hurbilago ikusten zelarik berehala esperantzak zapuzteko. Poroxenkok Putinekin tregoa erabaki zuela esatea bigarren honek tranpatzat jo zuen, bere estrategiaren ildo nagusietakoa baita esatea Errusia ez dela sujet Ukrainako gatazka honetan. Oraingoan, ordea, konpromisoa mamitu da Kieveko gobernuaren eta separatisten artean eta Ukrainako lehendakari Poroxenkok berak Europar Batasunari eta AEBei eskatu die laguntzeko armen isilaldia bermatzen.

Su-etenaren adostasuna adierazi dute ostiralean Minsken emandako prentsaurrekoan. Ezkerretik hasita: Ukrainako presidente ohi Leonid Kuchma; Donetskeko herri errepublikako lehen ministro Alexander Zakharxenko, OSCEko kide (Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundea) Heidi Tagliavini; eta Errusiak Ukrainan duen enbaxadore Mikhail Zurabov.

Lotura interesgarriak

- Poroxenkok egindako deklarazio laburra, ingelesez. - RTk Poroxenkoren hitzetan jarri du Kievek Donbasseko eskualdeei askatasun linguistiko eta ekonomikoa aitortuko diela.