Su-etena lortzeko akordioa oso gertu dagoela eta martxoaren 3an su-eten hori hasteko esperantza duela adierazi du Joe Biden AEBetako presidenteak. Ramadan sasoia dator eta garai horretan erasoak etengo lirateke. Dena den, Hamasek erantzun du azkarregi mintzatu dela Biden eta akordioaren gai nagusiak lotu gabe daudela oraindik.
Zer dio akordioak?
AEB, Israel, Egipto eta Qatar barne hartzen dituen negoziaketen proposamen-zirriborroa argitara atera da. Horren arabera, su-etenak 42 egun iraungo ditu, Ramadanarekin bat eginez, eta hasierako fase batean 40 zibil israeldar askatuko ditu Hamasek, 400 preso palestinar ingururen truke.
Horrez gain, Parisko proposamenak dio laguntza humanitarioa emateko 500 kamioi sartuko direla Gazan, ospitale eta okindegi birrinduak berreraikiko dituztela eta Gaza iparraldera desplazatutako palestinarren itzulera graduala eta mugatua ahalbidetuko dela.
Kontuak kontu, zuhurrago mintzatu dira Hamaseko agintariak. Akordioa oraindik ez dela itxi diote, puntu nagusiak lotu gabe daudela eta indar israeldarrak erretiratzeko irizpideak ez daudela erabat garbi. Zirriborroa propaganda egiteko filtratu dela ere adierazi dute Hamaseko kideek: “Parisko zirriborroa proposamen estatubatuarra da eta bere helburua da Netanyahuri denbora gehiago ematea, eraso berri baterako prestatzeko”.
Israelen genozidioa hasi zenetik, Israel eta Hamasek astebeteko su-etena adostea baino ez dute lortu, pasa den azaro bukaeran: 105 bahitu israeldar askatu zituen Hamasek eta 240 preso palestinar Israelek.