argia.eus
INPRIMATU
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte
  • Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean, luzatzeko aukerarekin.

Leire Artola Arin 2023ko urtarrilaren 02a
Gustavo Petroren gobernuak "erabateko bakea" du helburu. / Argazkia: Chepa Beltran, Zuma Press.

Abuztuaren 7an bilakatu zen Kolonbiako presidente Gustavo Petro ezkertiarra, eta hasieratik haren gobernuak xede izan du “erabateko bakea” lortzea. Bada, zenbait talde armaturekin elkarrizketak izan ostean, Petrok 2023ko urtarrilaren 1ean iragarri du gobernuak su-etena sinatu duela bost talderekin.

Hiru gerrillari talde –ELN Nazioa Askatzeko Armada, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidentzien Estatu Nagusi Zentrala eta Segunda Marquetalia–, eta bi talde paramilitar –AGC Kolonbiako Autodefentsa Gaitandarra eta Sierra Nevadako taldeak– dira su-etena hitzartu dutenak. ELNren alde bakarreko su-etena indarrean zegoen abenduaren 24tik urtarrilaren 2ra arte, baina hitzarmen honekin luzatu egingo dute.

Ekainaren 30era arte egongo da indarrean ituna, baina Petrok jakinarazi du “negoziazioen aurrerapenen arabera” luzatzeko aukera egongo dela. Presidenteak sare sozialen bidez baieztatu du “erabateko bakea errealitatea” izango dela. Irailean, FARCeko disidentziekin elkarrizketak hasi zituztenean, gerrillariek argi utzi zuten eurentzat zer den “erabateko bakea”: “Gatazka sozial eta armatua eragiten duten kausak desagerraraztea”.

Ekintzak eten, NBEren begiradapean

Presidenteak jakinarazi du bi aldeek su-etena sinatzeak esan nahi duela behartuta daudela hura errespetatzera Kolonbiako Estatua zein talde armatuak, eta hori egiaztatzeko mekanismo bat egongo dela, herrialdean bertan eta nazioartean. NBEren egiaztatzeko misioak izango du ardura hori, baita Amerikako Estatuen Erakundekoak, Herri Defendatzaileak eta eliza katolikoak. Su-eten honek dituen ondorioak baloratutakoan erabakiko dute aurrerantzean zein bide hartu.

Gobernuak adierazi du akordioaren helburu nagusia “giza eragina etetea” dela, herritarrena, eta batik bat komunitate etnikoena eta nekazariena. Zehaztu du ekintza ofentsiboak geldituko dituztela eta saihestu egingo dituztela Indar Publikoaren eta talde armatuen arteko istilu armatuak. Indepaz ikerketa institutuaren arabera, 2022an 94 sarraski erregistratu ziren Kolonbian, eta 189 lider sozial eta 42 bake sinatzaile hil zituzten.