Telefono bidez eginiko bileran, bi agintariek adostu dute Moskuk ez diola erasorik egingo Ukrainako azpiegitura energetikoari hurrengo 30 egunetan. Ukrainak eta Errusiak 175na preso askatu beharko dituztela iragarri dute, baina ez noiz.
Ukrainarako su eten akordio baterako bidea urratzen hasi dira AEB eta Errusia, azpiegitura energetikoarekin abiatuta. Bi ordu eta erdiko telefono deia eduki dute astelehenean AEBetako presidente Donald Trumpek eta Errusiako presidente Vladimir Putinek, eta Ukrainan "bake iraunkor" bat lortzeko aurreneko pauso gisa hartu du Etxe Zuriak, deia amaitu ondoren kaleratutako ohar batean.
"Gatazka hau ez zen inoiz hasi behar, eta aspaldi amaitu behar zen bake ahalegin zintzoekin", adierazi du Washingtonek. 30 eguneko "su eten partzialaz" gain, Putinek eta Trumpek adostu dute Ukrainaren eta Errusiaren arteko preso trukeei ekitea: herrialde bakoitzak 175 gatibu askatu beharko ditu, baina ez dute zehaztu noiz egingo duten. Etxe Zuriaren ohar berean, iragarri dute AEBak eta Errusia Itsaso Beltzerako su eten bat "gutxi barru" negoziatzen hasiko direla.
Bi agintarien solasaldiaren ostean, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik agerraldi bat egin du kazetarien aurrean. Trumpek eta Putinek adostutakoa "begi onez" ikusten duela adierazi du, baina "zehaztasun" gehiago eskatu dizkie. Aurreko astean bildu ziren Washingtoneko eta Kieveko ordezkariak Saudi Arabian, eta Ukrainak Trumpen administrazioak proposatutako 30 eguneko menia onartu ostean amaitu zuten bilera.
Etxe Zurian Trumpekin berriz bilduko dela ere aurreratu du Ukrainako presidenteak. Bi agintariak bildu ziren azkeneko aldian, hilaren hasieran, eztabaida garratza izan zuten eta Trumpek Zelenskiri "Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean" ari zela leporatu zion, eta gogoratu ez dagoela "erabakiak hartzeko posizioan". Liskar hori eta gutxira Kieventzako laguntza militarra geldiarazi zuen Washingtonek, negoziaketen ostean berriz berrabiarazi badu ere.
Pertsonen kontrako minak mantendu nahi dituzte Baltikoko herrialdeek eta Poloniak
Poloniako, Lituaniako, Letoniako eta Estoniako Defentsa ministroek ohar bateratu bat kaleratu dute astelehen goizean: pertsonen kontrako minak debekatzen dituen hitzarmenetik ateratzea gomendatu dute, Errusiaren eta Bielorrusiaren –bi horiekin muga egiten dute lau herrialdeek– mehatxu militarrak gora egin dutela argudiatuta. "Gure herrialdeak prest daude, eta beharrezko neurri guztiak har ditzakete beren segurtasuna defendatzeko", adierazi dute oharrean. Hitzarmenak minak erabiltzea, biltzea eta ekoiztea debekatzen du.