argia.eus
INPRIMATU
Su-eten negoziaketak martxan dira berriz, Netanyahuk oztopo berriak jarrita
  • Netanyahuk baldintza bezala jarri du Israelek ofentsiba berrabiarazi ahal izatea “gerraren helburuak bete arte”. Iturri batzuen arabera, Hamasek onartu du su-eten iraunkorra negoziaketen lehen fasean adostea, aurrebaldintza izan beharrean.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 09a
Israelgo Armada Gazako Zerrendako hegoaldean, uztailaren 3an. / Argazkia: Ohad Zwigenberg/Pool/AP.

Gazan su-etena lortzeko negoziaketak abiatu dituzte berriz Hamasek eta Israelek, zeharka. Egiptoko Estatuari lotutako Al-Qahera berri agentziak adierazi du aste honetan Kairon jarraituko dutela negoziaketek, bitartekarien bidez. Bi aldaketa esanguratsu eman dira azken egunetan negoziaketei dagokienez.

Batetik, Hamasek jarrera aldatu du negoziaketetan abiatzeko su-eten iraunkorra eskatzearen inguruan, Reuters eta CNN hedabideek jakinarazi dutenez. Orain arte negoziatzeko aurrebaldintza bat zen Israel prest agertzea su-eten iraunkorra onartzeko, baina Hamasek onartu omen du negoziaketen lehen fasean adostea su-eten iraunkorra. Sei astez iraungo lukeen lehen fase horretan behin-behineko su-etena egongo litzateke indarrean, bitartekariek bermatuko luketena. Aldaketa horren ondorioz, “optimista” agertu dira Israel eta AEBetako zenbait agintari.

Baina, bestetik, Netanyahuk “printzipio zerrenda” bat eman du argitara, bahituak askatzeko balizko negoziaketa batean negoziatu ezinezkoak liratekeen puntu batzuekin. Puntu gatazkatsuena, edozein akordiok baimena eman behar liokeela Israeli ofentsiba militarra berriz hasteko “gerraren helburuak bete arte”, hau da, Hamas guztiz suntsitu arte. Asmo anbiziotsuegia eta “ezinezkoa”, baita Israelgo Armadako buruen iritziz ere.

Netanyahuk jarritako beste baldintza batzuk dira Egipto eta Gazaren arteko mugaren kontrola mantentzea, Gazara armak ez sartzeko aitzakiarekin, eta ezezkoa ematea Hamasek trukea egiteko proposatutako preso palestinar ugariri, “Gazara terroristak ez itzultzeko”. Baldintza horiekin guztiekin lehen ministro sionistak benetako negoziaketari “ateak itxi dizkiola” ohartarazi dute Israelgo iturri diplomatikoek, Haaretzen esanetan.

Negoziatzaile ohi israeldar batek CNN hedabideari esan dio ezin dela espero Hamasek baldintza horiek onartzea. Ez sionisten betoa askatu beharreko preso palestinarren zerrendari, ez Israelen esku gelditzea Filadelfia korridorearen kontrola, Egipto eta Gaza arteko 14 kilometroko eremua, armada sionistak kontrolpean duena orain.

Netanyahuk su-etenerako aukerak boikotatu ditu azken hilabeteetan. Orain negoziatzaileak bidali ditu AEB, Qatar eta Egiptoko bitartekariekin hitz egitera, baina zenbait iturriren arabera denbora irabazteko “trikimailu” bat da, adostasunerako prest dagoenaren itxurak egin eta indartsuago heltzeko hilabete amaieran AEBetara egitekoa den bidaiara. Bestalde, Gazako genozidioak aukera eman dio Israelgo auzitegietan dituen hainbat epaiketa atzeratzeko, eta horien mehatxua ere badu gainean. Netanyahuk, gainera, eskuin muturreko alderdien beharra du gobernuan jarraitzeko, eta horrek are gehiago zailtzen ditu su-etenerako aukerak.