Hamar urte beteko ditu larunbatean Lekittoko Deabruak taldeak. Euskal Herrian kataluniar estiloko correfoc-ak egiten erreferentea da taldea eta ikuskizun berezia prestatu dute urteurrena ospatzeko. Kalekan, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdian ikusi –eta entzun– ahal izango da.
Ostiral honetan hasiko da Kaleka, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdia eta antolatzaileek “berpizkunde” hitza erabili dute aurtengoa definitzeko: azken bi urteetan COVID-19aren aurkako neurriek eragindako gorabeherak alde batera utzita, 32. edizio honetan hamalau ikuskizun programatu dituzte datozen hiru egunetarako.
Berezia izango da aurtengoa Lekittoko Deabruak antzerki taldearentzat ere: larunbatean, hilak 9, ikuskizun berezia egingo dute 23:30etik aurrera, hamar urte beteko dituztela ospatzeko. Hodei Izarra taldeko kideak ARGIAri azaldu dionez, azken hamarkadan egin dituzten ikuskizun guztien uztarketa izango da. Gonbidatu bereziak ere izango dituzte, besteak beste, Zozongo batukada eta Diables de Riudoms talde kataluniarreko kideak.
Herrialde Katalanekin lotura estua daukan taldea baita Lekittoko Deabruak: han oso ohikoak diren correfoc-ak Euskal Herrian egiten aitzindariak izan ziren: “Aurten 32. edizioa beteko du Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak eta gutako askok betidanik ikusi ditugu talde katalanak herriko kaleetan. Lekeition pirotekniaren kultura handia dago”, Izarrak azaldu duenez.
Hainbeste urtez etxean bertan horrelakoak ikusita, hurrengo urratsa ematea denbora kontua izan zen: “Zergatik ez dugu geuk egiten?”, galdetu zioten lekeitiar batzuek beren buruei. “Lehen erronka ikuskizun bat prestatzea izan zen. Erantzun ona jaso genuen, herriak babestu gintuen eta beste herri batzuetatik ere deiak jasotzen hasi ginen”, gogoratu du.
2012an izan zen hori. Ondorengo hamar urteotan izan duten eboluzioaz galdetuta, Deabruak taldeko kideak azaldu du geroz eta leku gehiagotatik jasotzen dituztela deiak. “2018a eta 2019a oso urte fuerteak izan ziren, 30-40 ikuskizun egin genituen. Batez ere Bizkaian hasieran, baina Gipuzkoatik eta Arabatik ere geroz eta gehiago deitu izan digute. Azken bi urteetan pandemiagatik pixka bat gelditu da, baina aurten Nafarroan ere lotu genituen ikuskizunak, gero suteengatik atzeratu egin behar izan ditugun arren”.
Herrialde Katalanetan ere asko ibili dira urteotan. Hortik dator larunbatean Lekeition izango den Diables de Riudoms taldearekin duten harremana. Deabruek bezala, Diables de Riudomsek ere ospakizun urtea du 2022. hau, beraien kasuan 30 urte bete baitituzte. Hori dela-eta, Deabruak taldekoak bi aste barru Herrialde Katalanetara joango dira, haien hiru hamarkadako ibilbidea ospatzera.
Atzera eta aurrera begiratzeko une egokia da Deabruak taldearentzat, beraz. Egindako ibilbidea baloratzeko eskatu diogunean, Izarrak adierazi du bere ustez Deabruek hamar urteotan ekarpena egin dutela. “Kale animazioan beste arlo bat jorratu dugu, Euskal Herrian oso ezaguna ez dena”. Hasieran berritasun horrek zenbait lekutan harridura eragin izan duela gaineratu du, baina errepikatu duten herrietan jendea ikuskizunerako “prestatuta” joaten dela.
Etorkizunerako ere proiektu ugari dute Deabruek. 2022a urteurrenean murgilduta pasa dute, ez baita larunbateko ikuskizun berezia bakarrik, urte osoan antolatu dituzte ekimenak eta ikastaroak, besteak beste. Hori pasata, “errekamaran” asmo berriak dituztela azaldu du, azken bi urte hauek gelditu eta beren burua berrasmatzeko aprobetxatu dituztelako. Suziri eta eztanda berriek bat baino gehiago ezustean harrapatu baietz.