argia.eus
INPRIMATU
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak
  • Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.

Leire Artola Arin 2022ko urriaren 11
Sturgeonek SNPren biltzarrean gogor kritikatu du toryen gobernua. / Argazkia: Andrew Milligan / PA Wire.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak berretsi du independentzia erreferenduma egingo dutela 2023ko urriaren 19an. “Eskoziak herrialde independente bat izan beharko luke?” galderari erantzun beharko diote herritarrek, 2014an egin zuten bezala. Ezezkoak irabazi zuen orduan, botoen %55 eskuratuta. Gaur egun, gehiengoa dute independentistek Eskoziako Parlamentuan. Iazko maiatzean, 64 aulki lortu zituen Sturgeonen SNP alderdi independentistak eta independentziaren alde dagoen Alderdi Berdeak beste zortzi. Dena den, iragarritako erreferendumak badu desberdintasun nagusi bat 2014koarekiko: Erresuma Batuko toryen gobernuak ez die baimenik eman erreferenduma egiteko.

Sturgeonek asteleheneko SNPren urteroko biltzarrean herritarrei jakinarazi die independentzia galdeketarako lege berri bat egin dutela, eta orain Britainiako Auzitegi Gorenak erabaki beharko duela legezkoa den edo ez erreferenduma Westminsterreko gobernuaren baimenik gabe egitea. Gatazka judizial eta politikoa aurreikusten da datozen hilabeteetarako.

Auzitegi Gorenak erreferenduma legezkoa dela erabakiko balu ere Liz Truss lehen ministro britainiarrak tresnak izango lituzke galdeketa blokeatzeko. Ordea, legez kanpokotzat jotzen badute auzitegian –aditu gehienek espero dutena–, Sturgeonek ziurtatu du beste bide batzuk erabiliko dituztela herritarrei Eskoziako independentziaz galdetzeko: SNP alderdia hurrengo hauteskunde autonomikoetara aurkeztuko litzateke, eta programaren helburu bakarra independentzia erdiestea izango litzateke. Hauteskundeak erreferendum bilakatuko lirateke, Eldiario.es-ek gogorarazi duenez.

Toryen “desastretik” ihesi

Eskoziako lehen ministroak gogor kritikatu du Erresuma Batuko Gobernua, SNPren biltzarrean: “Hiru urte behar izan dituzte toryek konturatzeko Boris Johnson desastre bat zela. Liz Trussekin, soilik hiru aste behar izan dituzte”, The Guardian hedabideak jaso duenez. Beraz, Westminsterreko “kudeaketa txarrari” irtenbidea emateko independentzia “oinarrizkotzat” jo du. Sturgeon seguru mintzatu da jendaurrean, esanez “independentziaren belaunaldia” direla, baina kontuan izan ditu kontrako iritzia duten eskoziarrak, eta haiei zuzendu zaie: “Etorkizunean edozer gertatzen dela ere, Eskozia zeuena da, geurea bezainbeste”.