ELA sindikatuak COVID-19 pandemiak sortu duen egoera politiko eta sozialaz batetik, eta aurrera begira egin behar dela defendatzen duen bideaz bestetik, proposamen politikoa landu du. 18 orriko Benetako irteera bat dokumentuan jaso dute eta Manu Robles Arangiz Fundazioarekin batera argitaratuko dute. ARGIAk dokumentua irakurtzeko aukera izan du eta ostegunean Onintza Irureta eta Lander Arbelaitz kazetariek sindikatuko arduradunak elkarrizketatuko dituzte, streaming bidez zuzenean ikusteko aukera izango den saioan.
ELA sindikatuaren ustez COVID-19a mundu mailako astindua izan da. Hala ere, ekonomia eta sistema kapitalista osoa aurretik ere krisian zueden eta koronabirusa detonagailua izan da: "Koronabirusa ez da krisiaren zergatia", diote. Haatik, pandemiak osasunean izan duen eragin larria, orain arte aplikatutako neurri gogorrak (konfinamendua, enpresen itxiera, etab.) eta sortu den noraeza, ondorio larriak izaten ari da enpleguan, gizarte ongizatean eta ekonomian beren ustez.
"Hasieratik hartzen diren neurrien baitakoa izango da krisiari emango zaion irtenbidea. Horregatik, langile klaseak eta gizarte osoak argi izan behar dute orientazio hori baldintzatuko badute epe labur, ertain eta luzera begiratu beharra dagoela", diote.
ARGIAk Benetako irteera bat izenburuko dokumentua irakurtzeko aukera izan du eta hau aitzaki hartuta elkarrizketa egingo die sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, eta batzorde eragileko kide Maialen Aranburu eta Mikel Novali.