argia.eus
INPRIMATU
Kaleratzeak Stop-ek PSE-EEri leporatu dio EAJren Etxebizitza Legea “puntuz puntu” betetzea
  • Plataformak "atzerapausotzat" hartu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri agendako sailburu Denis Itxasok berriki iragarri izana lurzoru urbanizagarrietako etxe babestuen proportzioa %75etik %60ra jaistea. Pradales agintera iritsi zenetik alokairu soziala eskatzen dutenentzako "albiste positibo bakar bat ere ez" dela egon ere salatu du.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 10
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua. socialistasvascos (CC BY-NC-SA 2.0)

"Egungo egoerak pauso berriak ematera behartzen gaitu, eta azkar aritu behar dugu", horrela abiatu zuen hitzartzea Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak aurreko astean, Forum Europa jardunaldietan egin zuen agerraldian. Babes ofizialeko etxebizitzak murrizteko erabakia etxeak azkarrago eraikitzeko eta alokairuaren merkatua "orekatzeko" hartu zutela argudiatu zuen. 

Kaleratzeak Stop plataformak salatu du ohar batean neurria "albiste aparta" dela "EAJren etxebizitza politiken onuradunentzat: eraikuntza alorreko enpresak, bankuak eta erosteko dauden babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileak". Kalerateak Stopen arabera, iazko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak proposatu zituen neurrien %80 eta %90 artean eraman ditu aurrera Etxebizitza Sailak, baina oraindik ez da "albiste positiborik" egon alokairu soziala eskatzen dutenentzako: "Nahi dutena legez kanpo lortzen ez badute, legeak aldatzen lortzen dute".

“EAJko klase ertainari opari fiskalak egiteko dirua badago, baina alokairu libre eta sozialeko etxebizitzak eraikitzeko gazteak gain-zorpetu ez daitezen, ez", salatu du plataformak. Plataforma herritarrak ere "ez du ulertzen" PSE-EEk neurri hori babestea, Espainiako Estatuan Etxebizitza Legeko artikulu batek "alokairu sozialerako gutxienez %50eko erreserba ezartzen duenean".

EH Bilduren ustez, etxebizitza parke publikoa handitzea oztopatuko du neurriak

EH Bilduko legebiltzarkide Xabi Luke Astigarrak gaitzetsi egin du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak hartutako neurria, Berriak jaso duenez, etxebizitza parke publikoa handitu ahal izatea "are gehiago zailduko" duela argudiatuz: "Etxebizitzaren arloan esku hartzeari uko egiten dio Jaurlaritzak, eta, horrela, interes pribatuek nahi bezala jarduteari bide ematea".