argia.eus
INPRIMATU
Alokairuen kontrola eta Alokabide sistema bultzatzea eskatu dizkio Eneko Goiari Stop Etxegabetzeak plataformak
  • Plataformak kritikatu du Donostiako alkateak Etxebizitza Legea jarri izana alokairuen arazoaren aitzakiatzat.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 30a
Stop Etxegabetzeak plataformako manfiestazioetako bat. // Argazkia: Stop Etxegabetzeak

Stop Etxegabetzeak plataforma Donostiako alkate Eneko Goiari zuzendu zaio etxebizitzaren arazoa dela eta. Elkarteak adierazi du udalak ez duela “sustatu” etxegintzaren eta jabe txikien arteko informazio-kanpainen bidez, etxebizitza hutsak Alokabidera edo Bizigunera bideratzea.

Bestalde, plataformak alkateari eskatu dio Etxebizitza Legea “ez kritikatzea” eta Alokabide sistema sustatzea, “hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko, eta etxebizitza turistikoak murrizteko eta donostiarrentzat prezio merkean etxebizitza gehiago atera ahal izateko".

Etxebizitza Legearen garrantzia azpimarratu du elkarteak: “Donostiako egoera tentsiodunean alokairuaren prezio garestiak arautzeko aukera ematen du legeak. Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa”.

Donostia, garestienen artean

Plataformako kideek adierazi dute Espainiako Estatuko hirugarren hiririk garestiena dela Donostia: “Batez beste 400.000 euroko erosketa-prezioa eta metro koadroko 17 euroko alokairu-prezioa du; horrek esan nahi du familiek batez beste diru-sarreren %39 erabili behar dutela hipoteka eta/edo alokairua ordaintzeko". Hori dela eta, 6.000 gazte baino gehiago eta adingabeak dituzten familiak “Donostiatik kanporatu” dituztela salatu du.