argia.eus
INPRIMATU
Steilasek salatu du Jaurlaritzak hezkuntza pribatizatu nahi duela lege berriaren bidez
  • Bilboko Hezkuntza Delegaritza aurrean elkarretaratzea egin du Steilas sindikatuak, irailaren 14an aurkeztu zen EAEko Hezkuntza lege proiektuaren zirriborroaren aurka. Besteak beste, kritikatu dute testua eragile sozialen parte hartzerik gabe osatu dutela eta ez duela euskal eskola publikoa lehenesten.

Leire Artola Arin 2022ko irailaren 19a

Steilas sindikatuak irailaren 19an argi eta garbi adierazi du ez dagoela ados Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irailaren 14an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako aurkeztutako legearen aurreproiektuarekin. Bilboko Delegaritzaren aurrean elkartu dira hori ozen esateko, Ez saldu hezkuntza publikoa, Hezkuntza Lege toxiko honi ez! lemapean.

Horixe da prentsaurrekoan azaldu duten kexu nagusietako bat: lege berriaren bidez hezkuntza pribatizatu nahi dutela leporatzen diote Jaurlaritzari. “Dualtasuna betikotzeko trikimailu bat besterik ez da aurkeztu duten proiektua, egiturazko aldaketarik ez duten sasineurri zuzentzailez osatua”, ohartarazi dute. Ikastetxe publiko eta pribatuen aferan gakoa titulartasuna dela diote, eta lege zirriborroko Hezkuntza Zerbitzu Publikoa kontzeptua “eufemismo maltzur bat” besterik ez dela, finean “ikastetxe pribatuen erreskatea ahalbidetzeko”. Steilasen esanetan, “agerikoa” da lege-proiektuaren bidez pribatizazioa bultzatzeko nahia.

Gogorarazi dute titulartasuna garrantzitsua dela euskararen presentzia bermatzeko, eta, beraz, lege honek ez duela euskara erdigunean jarriko. Halaber, salatu dute segregazioa areagotu egingo duela: “Alferrikakoa da dagoeneko eraginkorrak ez diren segregazioaren kontrako neurriak ezartzea, hauek egituraz segregatzen duen sistema dualari partxeak jartzeko baino ez dute balio”.

Parte hartzerik ez

EAEko Hezkuntza Legearen zirroborroari ekarpenak egiteko hilabeteko tartea egongo da; sindikatuak salatu du Jaurlaritzak “ahalik eta azkarren” gauzatu nahi duela legea, “gobernuaren behar politikoak direla eta”. Horrexegatik eztabaidarako tarterik utzi ez izana egotzi diote, ez sindikatuekin ez eragile sozialekin. Argitu dute parte hartze horren hutsunea nabarmena dela, ez dutelako zirriborroan jaso Steilasek eta hainbat eragile sozialek publikoki eginiko inolako ekarpenik.

Steilasek indarrak batzeko deia egin die hezkuntzako zein beste sektoreetako eragileei, legearekiko desadostasunak adierazteko eta “hau eteteko behar diren mobilizazioak aurrera eramateko”.