argia.eus
INPRIMATU
STEILASek mobilizatzera deitu du goizean, gobernuei hezkuntza publikoa indartu dezaten eskatuz
  • Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari hezkuntza publikoa indartu dezaten eskatzeko, sindikatuak mobilizazioak antolatu ditu asteazken goizean, 11:30ean. Gasteizen Lakua aurrean egingo da elkarretaratzea, eta Nafarroako Jauregi parean Iruñean. Horrez gain, hezkuntza zentroetan mobilizatzeko deia ere egin dute.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 09a

“Ez estutu gehiago hezkuntza publikoa”, “Pribatizaziorik ez”, “Lan burokratiko gutxiago, lan pedagogiko gehiago” edota “ Hezkuntzan inprobisaziorik ez” dira STEILAS sindikatuak asteazken goizean kalera aterako dituen aldarriak. Xedea: hezkuntza publikoan baliabide eta lan baldintzak indartu ditzaten exijitzea EAEko eta Nafarroako gobernuei.

Mobilizazioen berri emanez argitaratu duten idatzian adierazi dutenez, "gobernuak zuhurtziaz jokatzeko eskatu digu, baina haiek ez dute arduraz jokatu protokoloei, baliabideei eta informazioari dagokionez, ez baitute aurreikuspenik izan. Antolakuntza eza horrek langileen eskubide eta lan baldintzak murriztea ekarri du, Iraleko behin-behineko murrizketak kasu".

Egoerak eskatzen duenaren kontrara, gobernuek zerbitzu publikoetan gehiago inbertitu ez dutela azpimarratu du sindikatuak, eta horren ondorioak pairatzen ari direla salatu. Besteak beste, ondoko albo-kalteak aipatu dituzte: osasungintzaren kolapsoa gaixotasun bajen kudeaketa atzeratzen ari dela, "jardunean dauden hezkuntza langileengan horrek dakarren gainkargarekin, egoera jasangaitzak sortuz egunerokoan"; eta "Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan eta Eibarreko Haurreskolen kudeaketa sailean dagoen baliabide faltak ordezkapenen kudeaketa gaitasunean eragina" izan duela, arreta murriztuz. Hori gutxi ez, eta irakaskuntza-lanarekin eta ikasgelaren kudeaketarekin zerikusi gutxi duten gehiegizko protokolo eta zeregin burokratikoak gehitzen ari zaizkiela ere gogorarazi dute.

"Etengabe entzuten dugu ikastetxeak, institutuak, Haurreskolak eta hezkuntza zentroak, orokorrean, toki seguruak direla, baina noren lepotik? Langileek beraien lan karga bikoiztu dute osasun larrialdi egoera hasi zenetik. Argi gelditu dadila eskatzen duguna ez direla esker onak eta hitz goxoak, baliabide eta lan baldintzen indartzea baizik", egin dute irakurketa. Eskakizunok Nafarroako eta EAEko gobernuei helarazi asmoz egingo dituzte elkarretaratzeak asteazken goizean, 11:30ean, Lakua aurrean Gasteizen eta Nafarroako Jauregi aurrean Iruñean. Sindikatuak tokian tokiko hezkuntza zentroei ere dei egin die mobilizazioekin bat egiteko, sarrera, irteera edo atseden orduak baliatuz.