Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.
Dirudienez, aukerak urriak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentro publikoetako irakasleek greba egiteari uzteko: STEILAS eta LAB sindikatuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bertan behera utzi du gaurko deituta zuten bilera teknikoa. Gaurko bilkuran ez zuten adostuta lan hitzarmenaz aritzea –hori mahai negoziatzaileari dagokio–, eta LABek adierazi duenez, Lakuaren proposamen berririk jaso gabe jarraitzen dute.
Hezkuntza Sailak EITBri jakinarazi dioenez, erabaki horren arrazoia izan da ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak negoziatzearen auzia: euren arabera, batzar teknikoetan gai hori landu ordez, mahai negoziatzailean jorratu behar dela adierazi dute, greben inguruko elkarrizketetan gai garrantzitsu bat bihurtu dela argudiatuta. Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak agerraldia egin zuen ostiralean, eta adierazi zuen "akordio on bat lortzeko zorian" zeudela, eta horretarako negoziatzeko prest zeudela.
Sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza oraingoz edukitzen ari diren negoziazio nahasien erakusle da Hezkuntza Sailak gaur hartutako erabakia: aurreko astelehenean bildu ziren azkenekoz, eta goizaldera arte egon ziren ados jarri ezin. Azkenean, grebei eustea erabaki zuten sindikatuek. Ordutik ez dira bildu, eta STEILASek sareetan argitaratutako mezu batean salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela inongo borondaterik negoziazioekin aurrera egiteko: "Ostiralean adierazi genuen asteburuan horretan aritzeko gure prestasuna ere, baina entzungor egin diote gure eskaintzari".
Biharko eta etzirako lanuzteak deituta
Aurreko astean hiru egunetan greba egin ostean, astearterako eta asteazkenerako deitu dituzte lanuzteak STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek, eta EAEko ikastetxe publikoetako irakasleak daude grebara deituta. Asteartean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon egingo dituzte manifestazioak, 11:30ean hasita; asteazkenean, berriz, Gasteizko Europa jauregian deitu dute deialdi bakarra, 11:30ean.