argia.eus
INPRIMATU
Aramaio eta Eskoriatza artean 201 metroko zortzi errota erraldoi eraikitzea ere aurreikusten du Statkraftek
  • Proiektua jendaurreko informazio fasean jarri dute, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Zentral eolikoak, Araba eta Gipuzkoako lurretan ez ezik Bizkaikoan ere eragina izango luke eta denera bederatzi udalerri ukituko lituzke. Statkraftek ingurumena babesteko neurriak iragarri ditu bere webgunean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko maiatzaren 18a

Ostegun honetan argitaratu du Bizkaiko Aldizkari Ofizialak Statkraftek Euskal Herrian egitekoak dituen bi makro-zentral eolikoetako baten jendaurreko informazioa, multinazionalak Intsaraz izenez deitzen duena. Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako Ministerioarena da iragarkia, eta azaltzen duenez, Aramaio eta Eskoriatza artean 60,4 MWko azpiegitura eraikitzea aurreikusten dute.

Aldizkari ofizialak dioenez, Madrilen egoitza duen Desarrollos Renovables Iberia Omicron SUL enpresa pribatuak eraikiko du zentrala –Statkraften Espainiako Estatuko filialetako bat da– eta zortzi aerosorgailu izango ditu, bakoitza 201 metro garaierakoa eta 172 metroko diametroarekin.

Informazio hau guztia duela egun batzuk filtratu zuten El Diario Vasco egunkarian, iragarkia atera aurretik, beste hainbat datu eta grafikorekin batera. Hala, errota erraldoiak Bilboko Ibedrola Dorrea baina handiagoak izango dira eta Madrilgo Torre Españaren parekoak, Vocento Taldeko komunikabidearen ilustrazioan ageri denez.

Statkrafetek bere webgunean dakar errota bakoitzaren gutxi gorabeherako kokapena zein izango den irudikatzen duen mapa.

Bederatzi udalerritan eragina

Eskoriatza eta Aramaio arteko Ganboralde (706 m.) eta Asentsiomendi (689 m.) inguruak hartzeaz gain, beste hainbat eremutan ere eragingo du azpiegiturak, Araban eta Gipuzkoan ezezik baita Bizkaian ere.

Argindarraren ebakuaziorako Arrasate, Atxondo, Elorrio eta Abadiñoko terrenoei eragingo die, eta zentrala eraikitzeko sarbideak egiteko Legutio, Arratzua-Ubarrundia eta Aramaioko terrenoei.

42 milioi euro errotak eraikitzeko, 725.000 euro ingurumena babesteko

Denera ia 42 milioi euro kostako zaio Statkrafti makro-zentrala egitea. Informazioa publiko egin eta berehala enpresa norvegiarrak bere webgunean argitaratu duenez, 725.000 euro bideratuko ditu ingurumena babesteko neurriak hartzera.

Obrak 2026 eta 2027 urte artean egitea espero du Statkraftek, eta lanek iraun bitartean kontrol akustikoak egingo ditu Aramaion eta Eskoriatzan.

Multinazionalak esan du energia "sozializatzeko" ereduari jarraituko diola, bai proiektu honekin bai Azpeitian, Zestoan eta Errezilen eraiki nahi duen zentralarekin, eta parte-hartze formulak aztertzen ari dela.