Azaroaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute baimen eskaera. Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean bost aerosorgailu jarri nahi ditu enpresak, 33 MWeko potentziarekin. Zestoako Udal Gobernuak adierazi du ezin duela “eskuartean dituen datu urrekin proiektu hau babestu”, baina aztertzeko prest azaldu da.
Statkraft multinazional norvegiarrak hasi ditu tramiteak Gipuzkoan eta Araban dituen bi parke eolikoen proiektuetako bat martxan jartzeko. Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean eraiki nahi duen eta Piaspe izena jarri dion parke eolikorako aurretiazko baimen administratiboa eskatu du Eusko Jaurlaritzaren Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde ordezkaritzan, eta astearte honetan egin da publiko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Eskaera urrairen 27an egin zuen Madrilen egoitza duen Desarrollos Renovables Iberia PI SLUren izeneko enpresak. Bost aerosorgailu aurreikusten ditu proiektuak eta denera 33 MW-ko potentzia izango luke parkeak –Statkraftek hala zuen esana, 205 metro garaierakoak izango dira dorreak–. Haize errota bakoitzaren koordenatua ageri da aldizkariko iragarkian, nahiz eta enpresak Azpeitian egindako aurkezpenean adierazi zuen kokapena oraindik ez dela ziurra.
Behin aurretiazko baimen eskaera argitaratuta, hogei eguneko epea dute beste “pertsona fisiko edo juridikoek” harekin lehiatzeko euren eskabideak egiteko
Behin aurretiazko baimen eskaera argitaratuta, hogei eguneko epea dute beste “pertsona fisiko edo juridikoek” harekin lehiatzeko euren eskabideak egiteko. Hain justu, Euskal Herrian azken urteetan beste hainbat multinazional ari dira parke eoliko handiak eraikitzeko proiektu ugari aurkezten, hala nola Iberdrola eta Capital Energy.
Statkraftek pentsaturik duen bigarren parke eolikoa, Aramaio eta Eskoriatza artean joango litzatekeen Itsarazkoa, beste tramite batzuen esperoan dago, potentzia handiagokoa izanik Espainiako Gobernuko Industria ministerioan egin behar baitu eskaera.
Azaroaren 16an Aramaioko udalak batzar informatiboa egingo du herritarrekin, parke eolikoaren inguruan hitz egiteko.
Zestoako Udalak “estrategia orokor” baten premia azaldu du
Pasa den azaroaren 4an herritarrekin bildu ostean, Zestoako Udal Gobernuak adierazi du informazio eskasa duela Piaspeko parke eolikoaren inguruan eta dituen “datu urriak” eskuan, gaur-gaurkoz ezin duela babestu. Kezka handia azaldu du aerosorgailuen garraioak izango lukeen eraginagatik eta proiektuak sortuko lukeen ingurumen inpaktuagatik.
Hala ere, udal gobernuak prestutasuna azaldu du proiektua aztertzeko, “berritasunak” ikusten dituelako “energiaren jabetzaren inguruan” eta, bere irudikoz “abiatu beharreko trantsizio energetikoa emateko ‘intentsitate handiko ekipamenduak’ beharrezkoak izango direlako”. Baina, ekipamendu horiek nolakoak izan behar duten aztertzeko “estrategia orokor” baten premia dagoela dio: “Alde batetik Euskal Herri mailakoa eta bestetik herri mailakoa, herritarren parte-hartzean eta gogoeta komunitarioan oinarritua”.
Mikel Arregi alkateak (EH Bildu) hitz egin zuen joan den ostiraleko batzarrean, eta azaldu zuen gaia ez dela “egun batetik bestera ebazteko modukoa”. Hala, herritarrekin batera “hausnarketa eta ahalduntze” prozesu bat abiatuko dutela adierazi zuen.
Batzarrean, herritarrek proiektuak eragingo lukeen ingurumen kalteaz gain, beste alternatibez eta udalen arteko harremanaz ere galdetu zuten, Uztarriak bere kronikan jaso duenez. “Berdin pentsatzen dugunik ezin dugu esan”, azaldu zuen Arregik, baina argitu zuen eztabaida beti dela “aberasgarria”.