argia.eus
INPRIMATU
Standing Rockeko indigenek kanpalekua utzi dute, baina ez borroka
  • Standing Rock Ipar Dakota estatuan (AEB) dagoen lur eremua da eta Sioux erreserba indigenaren parte da. Missouri ibaiak zeharkatzen du eta Dakota eta Lako herriak bizi dira han. Orain, petrolio enpresek oliobide bat eraiki nahi dute ibaiaren azpian. Hainbat nazio indigenak kanpaleku bat muntatu zuten iazko udaberrian, lurra eta ura babesteko. AEBetako Gobernuak ateratzera behartu ditu, baina haiek argi daukate: “Borrokan jarraituko dugu”.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 27a
Standing Rockeko indigenak, kanpalekutik ateratzean (Arg: Josué Rivas)

Iazko udaberrian jaso zuten petrolio hodiaren proiektuaren berri. “Ura kutsatu eta arbasoen leku sakratuak suntsituko dituen proiektuari” aurre egitea erabaki zuten. Milaka pertsona batu ziren protestara, hainbat nazio indigenatakoak.

Irailean 5.000 pertsona baino gehiago zeuden, 300 tributakoak. Une horretan autoritateen eta manifestarien arteko biolentzia piztu zen. Errepresio olatuaren irudiak sare sozialetan zabaldu ziren. Elkartasunak mugak gainditu zituen eta Standing Rockeko indigenek mundu osoko pertsonen babesa jaso zuten.

Baina ez zuten autoritateen babesa lortu. Otsailaren 22rako kanpalekutik ateratzeko agindua eman zieten. Istiluak saihesteko esana betetzea erabaki zuten antolatzaileek. Baina irten aurretik, geratzen ziren etxe inprobisatuak erre zituzten, arbasoen errituak agintzen duen bezala. Besotik heldu eta kanpalekutik atera ziren, kantuen eta danbor soinuen artean.

(Argazkia: Getty images)

Ez dute lortu petrolio enpresaren aurkako lehia irabaztea, baina garaipen sentsazioa dute: “Harro senti gaitezke, gure mugimendua mundura zabaltzea lortu dugu”, adierazi dute. Estatu Batuetako gizartearen pentsaeran eragitea eta kontzientzia sortzea lortu dutela uste dute.

Aurrera begira, borrokan jarraitzeko asmoa daukate: “Kanpalekuak bizirik jarraitzen du eta borrokak ere bai”, adierazi du Phyllis Young antolatzaileetako batek. Standing Rock gobernu estatubatuarraren politika energetikoen aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtu da.