argia.eus
INPRIMATU
Standing Rocken ez dute etsi, ‘Dakota Access’ oliobidea kasik bukatu dieten arren
  • AEB osotik bildu dira hilabeteotan aktibistak Ipar Dakotako Standing Rockera, indioen erreserba zeharkatzen duen petrolio-hodiaren lanak gelditu nahian, Jatorrizko Amerikarren 300 tribuk sustatuta. 400 ekintzailez goiti atxilotu ditu poliziak udaz geroztik, horietatik 142 urriaren 27an, polizia federalaren eraso bortitz eta guzti. Barack Obamak berak esku hartu behar izan du negoziaketarako hilabeteko geldialdia eskatzeko, hauteskunde kanpaina zela-eta seguruenik. Hona gatazkaren zenbait gako.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko azaroaren 08a
Polizia federalak 'Dakota Access' oliobidea eraikitzeko lurrak urratzen dituen hondeamakinari lotutako ekintzailea atxilotzen. (Argazkia: Justin Deegan)

Dakota Access petrolio-hodiaren %70 dagoenekoz osatuta dago, berrikitan Shiyé Bidziilek airetik dronez atera eta munduan zabaldutako irudiok erakusten dutenez:

Gatazkaren hodiak bukaerarako kostatu behar du 3.700 milioi dolar eta 470.000 upel petrolio garraiatuko lau estatutan zehar, Ipar Dakotatik hasita Illinois hegoalderaino, han lotzeko beste hodi sareekin. Proiektuaren promotore Energy Transfer Partnersek dio 8.000-12.000 lanpostu sortuko dituela obrak.

Standing Rockeko siouxek ez dute nahi beren erreserbako lurrak zeharkatzerik hodiak, ingurumenezko eta kulturazko erasoa dutelakoan. Arbasoen hilobiak dauden eremu sakratuak hondatzeaz gain, hodiaren edozein isurik larriki kutsatuko lituzke erreserba bezala ibarraren barrenerago bizi diren milioika herritarren iturriak hornitzen dituen Missouri ibaia.

Dakota Access oliobideak eta Missouri ibaiak elkarren ondoan zeharkatzen dituzten lau estatuak.
Dakota Access oliobideak eta Missouri ibaiak elkarren ondoan zeharkatzen dituzten lau estatuak. Horiz, indiarren erreserbak.

Ingurumenaren eta ekologiaren aldeko elkarte gehienek bat egiten dute Standing Rockeko protestarekin, Dakota Access konparatzen dutelarik Obamak geldiarazitako Keystone hodi famatuarekin. Langileen sindikatuei dagokionez, batzuek indioen eskariak sostengatzen dituzten arren, sindikatu nagusietako bostek lehendakariari eskatu diote obrarekin aurrera jarraitzea.

Protestek lortu zuten abuztuan lanen geldialdi bat, Armadaren Ingenieritza atala auzitara eramanda. Baina urrian epaitegiek arrazoi eman diote enpresari eta Justizia eta Barne sailek ingurumenezko balorazio berri bat egin arte itxaroteko eskatu arren, enpresak 48 orduan ekin zien lanei berriro. Energy Transfer Partners enpresaren jabea Kelcy Warren da, Forbesen zerrendaren arabera munduko aberatsenen artea 1.067.a, AEBetakoetan 372.a, 4.200 milioi dolarraren jabe.

Sare sozialetan asko mugitzen ari diren hainbat argazki segidan:

Poliziak gogor jo du Standing Rocken bildutako ekintzaileen kontra. (Argazkia: Globan Justice Ecology)
Poliziak gogor jo du hilabeteotan Standing Rocken bildutako ekintzaileen kontra. (Argazkia: Global Justice Ecology).