argia.eus
INPRIMATU
‘Stakeholder capitalism’ edo kapitalismo “berria”
  • Sistema kapitalistaren barruan badira kapitalismo "berri" baten alde egiten dutenak, austeroagoa, gizatiarragoa, sozialagoa, berdeagoa. Gehien sustatzen ari dena Klaus Schwab da, Munduko Ekonomia Foroaren sortzaile eta presidente exekutiboa eta Davosko Foroaren arduraduna. Foro horren goi-bileran biltzen da, urtarrila amaieran, munduko kapitalismoaren elitea. Harena da  Stakeholder capitalism ingelesezko terminoa, "alde interesdunen kapitalismoa" bezala itzultzen duena, "akziodunen kapitalismoaren" aurrean.

Juan Mari Arregi 2020ko urtarrilaren 02a

Herritarrek kapitalismoa gero eta gehiago gaitzesten dutela jabetuta, kapitalismo "berriaren" aldekoek uste dute enpresa erakunde sozial bat dela, irabazi-asmoa duen erakunde bat izateaz gain. Onartzen dute enpresek zergen ehuneko ekitatiboa ordaintzea, ustelkeriarekiko zero tolerantzia erakustea eta giza eskubideak errespetatzea beren munduko hornidura-kateetan, baita beren exekutiboen ordainsari-mailak doitzea ere. Munduaren egoera hobetzeko interesa dutenekin lan egitearen alde agertu dira.

Posible al da sistema kapitalista barrutik erreformatzea? Kapitalismo "berri" baten bila dabiltzanek, hura betikotzea nahi dute, aurpegi gizatiarrago, sozialago eta are ekologikoago bat eskainiz, herritarrek, bereziki egungo gazteek, sistemara egokitu eta bere gain har dezaten. Kapitalismo horren alde egiten dutenek, beren ordainsari-mailak ere murriztuz, planeta menperatzen jarraitu nahi dute. Beren ekoizpen eta finantza ereduei eusten jarraitu nahi dute, ahalik eta etekinik handiena izateko. Gobernuak euren eskuetan eduki nahi dituzte, hain zuzen ere, sistema kapitalistari eusteko.

Baina erreforma asko eta sakonak eginagatik ere, inoiz ez dio kapitalismoa izateari utziko. Bere DNA basatia, beti izango da bera!