argia.eus
INPRIMATU
Sridhar Rangayan zinegileak jasoko du Zinegoak 2019ko Ohorezko Saria
  • Sridhar Rangayan zinegile, ekintzaile eta Bombayko Queer Zinema Jaialdiko zuzendariak jasoko du Zinegoak 2019ko Ohorezko Saria. Horrez gain, Zinegoakek Sari Berezia emango dio Apoyo Positivo gobernuz kanpoko erakundeari. Elkarteak 25 urte bete ditu eta sexu-aniztasuna ikus-entzunezko lanen bitartez lantzen ditu.

Uriola.eus @uriolaeus 2019ko urtarrilaren 23a
Sridhar Rangayan zinegileak zuzentzen du Indian sexu-aniztasuna ardatz duen jaialdi bakarra.

Zinegoakek aurtengo Ohorezko Saria emango dio Sridhar Rangayan (Mandya, Karnataka, India, 1962) zuzendari, ekoizle eta ekintzaileari. Indiako zinegilea “Kashsish” Bombayko Queer Zinema jaialdiko zuzendaria da (Indian sexu-aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra eta Asiako garrantzitsuenetakoa). Rangayan Bilbora etorriko da saria jasotzera. Zinegoakeko inaugurazio ekitaldian izango da, otsailaren 18an, Arriaga Antzokian. Horrez gain, otsailaren 17an Evening Shadowsbere azken lana aurkeztuko du BBK aretoan, doako sarrerarekin.

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek nabarmendu duen bezala, “Rangayanek hamarkada bi daramatza giza eskubideak eta sexu-aniztasuna lantzen. Bere zineak gai ezberdinei ateak ireki dizkie eta zentsuratutako ahotsen istorioak kontatu ditu”. 

2001. urtean Rangayanek Solaris ekoiztetxea sortu zuen Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera. Solaris LGTB pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea da. Kashish jaialdia ere ekoiztetxearen bitartez antolatzen dute. Bombayko queer jaialdiak 10 edizio bete ditu eta mundu mailako erreferentzia bihurtu da.

Sari Berezia Apoyo Positivo elkartearentzat

Bi urterik behin, jaialdiak sari berezi bat eskaintzen die ezaugarri sozial eta militantea duten eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten norbanako, elkarte eta erakundeei. Fernando Diez ekoizlearen eta Ugandako Queer Kampala jaialdiaren ostean, aurtengo Sari Berezia Apoyo Positivo (A+) elkartearentzat izango da. Aurten, elkarteak 25 urte bete ditu.

Gobernuz kanpoko erakunde honek aniztasuna bultzatzen du, hiru esparru nagusitan: osasuna, hezkuntza eta eskubideak. Apoyo Positivok ikus-entzunezko lengoaia gaurkotzea lortu eta belaunaldi berriekin bat egin du. Hainbat gairen artean, GIB edo LGTBfobia landu dituzte.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.