argia.eus
INPRIMATU
Spotifyren esplotazioa salatuz protesta egin dute musika industriako langileek ugarik munduko 31 hiritan
  • Musika industriako hainbat langilek protestak gauzatu dituzte Spotyfik munduan zehar dituen hainbat egoitzen ateetan. Pandemia hasi zenetik irabaziak hirukoiztu dituen enpresari dagokiena ordaintzea exijitzen diote, besteak beste.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 17a
Argazkia: Union of Musicians and Allied Workers

Musikarien eta Langile Aliatuen Sindikatuak (UNAW, Union of Musicians and Allied Workers) abiatutako “Justice at Spotify” (Justizia Spotifyn) kanpainaren baitan, astelehenean protestak gauzatu zituzten munduko 31 hiritan, Spotyfiren bulegoen ateetan. Protesten bitartez, besteak beste, ondokoak exijitu dituzte: enpresak gardentasun gehiago izan dezala bere praktika komertzialetan, erretiratu ditzala hainbat artistaren kontra jarritako demandak, eta “zentabo bat erreprodukzioko” ordainketa mota ezarri dezala.

2020ko urrian abiatu zuen UNAWk Justice at Spotify kanpaina, eta ordutik musika industriako langileen edota artisten 28.000 sinadura inguru bildu ditu. Pitchfork-ek jaso ditu kanpainaren antolatzaile Mary Regaladoren hitzak: “Spotifyk denbora luzean tratu txarrak eman dizkie musika alorreko langileei, baina pandemiak agerian utzi du esplotazio hori”. Azaldu duenez, pandemia hasi zenetik enpresak hirukoiztu egin du bere balioa, artistei ordaindu beharreko tasak handitu ez diren bitartean. “Mundu osoko musikariak langabezian daude une honetan, eta industrian nagusi diren erraldoi teknologikoek milaka milioi jasotzen dituzte. Lan musikala lana da, eta lan horrengatik bidezkoa dena ordain diezaguten eskatzen ari gara”, azpimarratu du.