Urtarrilaren 12tik, plataformak erabiltzaileen hizketaldiak eta giro-soinuak monitorizatu ditzake, ustez musika gomendio pertsonalizatuagoak egiteko.
Spotify musika-erreprodukzio plataformak erabiltzaileak grabatzea ahalbidetuko liokeen teknologiaren patentea eskatu zuen 2018an, helburu batekin: erabiltzaileen hizketaldiak eta horien giro-zaratak grabatzea. Plataformaren arabera, teknologia hori bideratuta legoke musika gomendio pertsonalizatuagoak egitera. Berriki, 2021eko urtarrilaren 12an, enpresari onartu egin zaio orain urte parea egindako eskaria. Hala, Spotifyk posible luke erabiltzaileen hizketaldiak monitorizatzea.
Patenteak ahalbidetzen du erabiltzaileen ahotsaren intonazioa, azentua, erritmoa eta beste ezagutzea. Hori gutxi ez, eta ahotsaren ezagutzak bide eman diezaioke, baita ere, metadatuen beste zenbait puntu identifikatzeari, hala nola: egoera emozionala, generoa, adina edota ingurua. Azken puntuari loturan, Spotify jakitera hel daiteke erabiltzailea bakarrik dagoen edo pertsonaz inguratuta, espazio itxian dagoen ala ez…
Pitchfork hedabideak patentearen berri emanez argitaratu duen albistean zehazten denez, plataformak ez du ezagutzera eman erabiltzaileen monitorizaziorako teknologiaren ezarpenaren gaineko bide-orririk. Are, patentea jada existitzen den edo oraindik ideia espekulatiboa besterik ez den ere argitzear dagoela azpimarratzen da. “Seinalatu beharra dago enpresa teknologikoek merkaturatzen ez diren teknologiak patentatzea ez dela ezohikoa”, dio Noah Yoo kazetariak.
Alabaina, Music Business Worldwidek adierazi nola, patentea “eraldatzailea izan daiteke plataformarentzat, baina ezin esan daiteke beste modutara: egiatan nahiko beldurgarria da”.