argia.eus
INPRIMATU
Ia 120 herritan sortu dira Gure Esku Dago bultzatzeko lan taldeak
  • “Ekainaren 8an ikusiko dugu zer gertatzen den; guk ez dugu dudarik giza katea arrakastatsua izango dela eta ardatz bihurtuko dela panorama politikoan". Angel Oiarbidek asteazkenean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan du. Dagoeneko ia 120 herritan sortu dira erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dago ekimena bultzatzeko lan taldeak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko apirilaren 23a
Ehun herritik gora aurkeztu dute GED ekimena. (Arg: GED)

Larunbatean hasiko dira ekainaren 8an egingo den giza katerako spot herrikoia grabatzen. Donostian, Baionan, Gasteizen, Iruñean, Berriozarren eta Bardeetan grabatuko dute apirilaren 26tik 30era bitartean (ikusi agenda hemen). Toki bakoitzean 100 lagun baino gehiagok hartuko du parte eta “emaitza izugarria” aurreikusi dute antolatzaileek.

Iruñeko Labrit multimedia enpresak hartuko ditu irudiak eta herritarren parte hartzea ardatz izatea nahi dute ekimeneko arduradunek. “Oso berezia izango da eta ekainaren 8ko giza katea potentziatzea du helburu. Herritarrak protagonista sentituko dira” adierazi du Angel Oiarbide koordinatzaileak. "Ekimena jada arrakastatsua izaten ari da, Euskal Herriko hainbeste tokitan lehen elkar ikusi ezin zuen jende pila bat batera lanean ari delako”.

Gure Esku Dago kanalean ekimenari buruzko informazio guztia ikus dezakezu.