2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.
795 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak hiztegian. 513 sarrera, 199 azpisarrera eta 83 ohiko lexia. Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak adierazi du forma berrietan “oinarri sendo samarra” daukatela eta espezializaziora jotzen ari direla. Hala, azken berrikustaldian sukaldaritzako hitz berriak sartzeko lana egin dute, EITB eta Berria-ko edukiak abiapuntutzat hartuta. Urkiak adierazi du eremu horretan hutsune handia zeukala hiztegiak. Hauek dira hiztegian paratu dituzten sukaldaritzako hitzetako batzuk: ajoarriero, gaukamole, sueztitu, potxa, alioli, pisto, entsalada errusiar, carbonara, entsalada misto, falafel, fettuccini, fruitu lehor, irris(-)esne (Ipar.), fumet, kukurutxo (Hegoaldea) eta kono (Iparraldea), moldeko ogi, mozzarella, natxo, oilasko(-)bularki, pisto, risotto, roquefort, tomate frijitu.
Azken eguneratzean gehitutako forma berriak
Sukaldaritzaz gain, beste forma berri asko jaso ditu: aluminio(-)paper eta film garden, bidaiari(-)tren, deskatalogatu, dezentzia, edateko ur, erantzukidetasun, eskotx (Iparralderako) eta zelo sarrerari adiera berria gehitu diogu, Hegoalderako, eutsi gogor, eutsi goiari, gainprodukzio, gas(-)hornidura, gastritis, gizarte(-)laguntzaile, gurasokeria, handicap, ikasbidaia, ile(-)galera, intrantsigente, irratizale, kakorratz, kalaxnikov, kirol(-)poltsa, komuneko paper, ludopata, maitasun platoniko, manipulagarri, mendi(-)lasterketa, mesedetxo (adierazkorra), narkolepsia, nepotismo, ohe(-)sofa, onkeria, onura publiko, partikula(-)azeleragailu, patilla (Heg.), patois, reggaeton, santujale, spoiler, topless, txute (Hegoaldekoa eta lagunartekoa), ume(-)kotxe, zerga(-)paradisu, ziborg, ziento eta ziento bat (Hegoaldekoa eta behe-mailakoa).
Berriak bai, baina batez ere berrikusten eta osatzen
Urkiak azaldu du beti bezala forma berriak landu dituztela, baina sarri lanik garrantzitsuena lehendik dagoenari erreparatzea izaten dela. “Ohi bezala, forma asko ukitu ditugu, eta lehendik genuena berrantolatu, osatu eta zuzendu dugu. Azken batean, hobekuntza-lanetan jarri dugu indarrik handiena, hiztegia etengabe berrikusi behar baita”. 1.515 forma zuzendu edo osatu dituzte. Denera 51.407 forma jasotzen ditu orain hiztegiak, 69.364 adiera, 114.002 adibide eta 519 esaera zahar.