argia.eus
INPRIMATU
Spangherok berriro ekingo dio lanari, izen berriz eta langileen %40rekin
  • Nafarroa Behereko Lur Berri taldeko Spanghero enpresak berriro ekingo dio lanari, izen berriarekin: La Lauragaise. 230 langiletik, 135 kaleratuko ditu zaldi haragiaren eskandaluak egoera ekonomiko larrian utzi duen enpresak.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 01a
Frantziako Gobernuak zaldikiaren aferaren erruduntzat jo zuen Spanghero pasa den otsailean (Argazkia: theguardian.co.uk)

Zaldikia behi haragia bailitzan saltzea egotzi zitzaionean, bezero nagusiak eta haragia maneiatzeko lizentzia galdu zituen Spangherok. Langile guztiak kaleratu eta behin-betiko ixtear egon bazen ere, uztailaren 5ean berriro martxan jartzeko baimena eman zion Carcassoneko Merkataritza Epaitegiak.

Barthélémy Aguerrek zuzendutako Lur Berri kooperatibak 2009an erosi zuen kiebra egoeran zegoen Spanghero, euro sinboliko baten truke. 43 urtez kooperatibako kide izan den Sauveur Bachok taldearen gainbehera eta horrek eskualdeko nekazariengan izan duen eragina azaldu zuen urte hasieran rue89 webgunean.