Jon Torner
jontorner@argia.eus
Gure helbide elektronikoan jaso ohi ditugun mezuen artean baliteke enbarazu egiten diguten batzuk topatzea. Igorlea ez dugu ezagutzen, eta batzuetan berak ala dioen arren, guk ez diogu sekula informaziorik eskatu. Normalean publizitate mezuak izaten dira, eta guk horiek jasotzea nahi ez badugu ere, iritsi egingo zaizkigu. Desio ez dugun postari
spam deitzen zaio, eta egun erabiltzaile gehienen gutunontzietara heltzen da. Gaurkoan hari aurre nola egin dakiokeen azaldu nahi genizuen, baina gaia sakonago jorratu dugu azkenean,
spam terminoaren jatorritik bertatik hasita aurkitu baititugu aipatzea merezi duten datu eta bitxikeriak.
"Spiced Ham" (espeziadun urdaiazpikoa)
Spam ingelesezko hitza da, eta "Spiced Ham" (Espeziadun Urdaiazpikoa) delako kontserbari egiten dio erreferentzia. Latatan saltzen den jaki hau 1937. urtean atera zuen merkatura AEBko
Hormel etxeak, eta hozkailuan sartu beharrik ez zegoenez, leku guztietara iritsi zen. Amerikako Estatu Batuetako ejertzitoko kideek adibidez kokoteraino bukatu zuten "Spiced Ham" delakoa jateaz Bigarren Mundu Gerra pil-pilean zegoenean. Hala, urdaiazpikoak izan zuen zabalkundea eta bere kalitate eskasa medio, gaur egun eskatu gabe jasotzen ditugun mezu elektroniko horiek izendatzeko erabiltzen da
spam terminoa. Dena den, eta bere jatorria aipatu jakian badago ere, egun hitz hori hain ezagun egin duena Monty Python-en film bat izan da.
Ingeles hauek honetan guztian zer zerikusi duten? Bada, euren esketx bateko protagonista nagusia spam delakoa da.
Bikingoz lepo dagoen ostatu batean bikote bat sartu eta zerbitzariari zer jan dezaketen galdetzen diote. Honek hainbat plater zerrendatzen dizkie, eta guztiek spam delakoa dute. Emazteari ez zaio spam-a gustatzen, baina zerbitzariak ez dio osagai hori ez duen platerik aterako. Eszena horretan oinarriturik dago, hain zuzen ere, gustuko ez izan eta eskatu ez arren jasotzen ditugun mezuak izendatzeko erabiltzen den
spam terminoa.
Erabiltzailea amorrarazten dute
Egunero jaso ohi ditugun mezuen artean "ezustean" heltzen diren horiek ikusteak internauta ugari amorrarazten ditu, daukagun konexio, zerbitzari eta ordenagailuaren arabera mezu horiek jasotzeak denbora asko irauten baitu, eta zertarako eta sarri irakurri ere ez egiteko. Gainera, horrek kostu bat dakar berarekin, mezu horiek jaso bitartean konektaturik egoten garen denborari dagokiona, alegia. Hots, zure helbide propioa izatea dohainekoa izan arren, ondoren publizitate mezuak jasotzeagatik ordaindu egin beharko duzu. Eta honetan datza gure etxeko postontzira heltzen diren publizitate paper horiekiko edo "Junk Mail" delakoarekiko desberdintasun handiena, horiek jasotzeagatik hartzaileak ez baitu ez dirurik ez denborarik alferrik xahutzen.
LSSI legearekin bueltaka
Espainiar Estatuan Informazio Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzu Legeak (
LSSIk) arautzen du posta elektroniko bidezko publizitatea. Besteak beste, zera dio
urrian indarrean jarri zen lege honek: "Publizitatea hala aurkeztu behar da, eta iragarkia bidali duenak bere burua identifikatu behar du (...) Publizitatea posta elektroniko bidez bidaltzen denean, hartzaileari horretarako baimena eskatu behar zaio (...) Hala nahi izanez gero, erabiltzaileak aurrez baiezkoa eman arren mezu horiek gehiago ez jasotzea eska dezake. Zerbitzuak eskaintzen dituenak baja ahalbidetzeko prozedura erraz eta dohainekoak jarri behar ditu erabiltzailearen eskura".
Hilabete igarota, hala ere, oraindik gure postontzian desio ez ditugun mezuak jasotzen jarraitzen dugu. Eta badirudi aurrerantzean ere hala izango dela, LSSI legea Europako Batasuneko 2002/58 arteztarauarekin ez datorrelako bat, eta litekeena delako
publizitatea jasotzeari dagokion puntua aldatu behar izatea.
Spam-ari nola aurre egin?
Gure posta elektronikoan jasotzen ditugun publizitate mezuekin zer egin dezakegun jakiteko hainbat web gune kontsultatu ditugu. Askok gomendio bera luzatu digute: mezuak jaso bezain laster borratzea, horien aurka borrokatzeak denbora lapurtuko baitigu. Gainera, sarri emaitza ez da desio duguna izango, mezu horien igorleak burugogorrak izateaz gain jarrera nahiko "harroxkoa" hartzen baitute norbait euren parean jartzen saiatzen denean. Dena den, mota honetako mezu gehiegi jasoz gero, anti-spam programak erabiltzea komenigarria da. Beste aholku bat: mezuoi ez zaie erantzun behar, sarri igorlearen helbidea faltsua delako eta mezua bueltan itzuliko zaigulako, eta hala ez balitz, publizitate enpresak (
spammerak) gure helbide elektronikoa zuzena dela jakin dezakeelako.
Hainbat lotura interesgarri
-
Spam-a borrokatu. Gune benetan aberatsa, ingelesez.
-
Spam-aren hiltzailea. Bere izenak dena dio. Ingelesez
-
Spamcop.net. Ingelesezko hirugarren gune bat.
-
Spammer-en amarruak.
Spammer mota desberdinak azaltzeaz gain,
spamaren inguruko informazio interesgarri gehiago biltzen du gaztelaniazko gune honek.
-
"Zabor-posta". Gaztelaniazko beste gune bat.
-
Spam-ari aurre egin. Gune frantziar aberatsa.
-
Le SPAM ou UCE.
Spamari buruzko azalpenak frantsesez.