Marqués de Riscal upategi eta hotelean bi mila euro baino gehiago ordaindu zituen Eusko Jaurlaritzak Italiako sei kazetarirentzat, turismoa sustatzeko. Bertako gastronomia dastatu eta spa saioa ardotan egin zuten oporraldiaren azken egunean.
Sei kazetari italiarrek Eltziegon Marqués de Riscal upategi eta hotel entzutetsua bisitatu zuten joan den azaroan, Arabako Errioxan. Jaurlaritzak ordaindu zien spa eta tratamendu-saioa izan zuten. Luxuzko spa saioa izan zen, beren webgunean azaltzen duten bezala, ardotan bustia baita.
Behean ikus daitekeen fakturan xehe azaltzen denez, bost pertsonak spa saioa hartu zuten (61,98 euroan bakoitza, zerrendako azkenak bikoitza balio du); 198 euroko tratamendua egin zioten bakoitzari, eta ondoren bertan afaldu zuten. Orotara 2.000 euroko faktura, Eusko Jaurlaritzak ordaindua.
Luxuzko asteburua, 10.000 euro
Asteburu pasa baterako, guztira 10.000 euro baino gehiago ordaindu zien Eusko Jaurlaritzak Italiako sei kazetariri joan den azaroaren 4tik 7ra. Iaz, antzerako 26 talde-bidaia antolatu zituen; guztira, 145.000 euro. 2023an ere Jaurlaritzak jarraituko du halakoak egiten Basquetour Euskadi Confidential Premium programaren barruan.
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuaren arabera, "Euskadi sustatzeko itzulketa erakargarria izan dezaketen hedabideak gonbidatzen dira, beren profilagatik, tiradagatik edo merkatu interesgarrian sartzeagatik".
Bezperan Gipuzkoan izan ziren. Balenciaga museoa bisitatu zuten Getarian, Zarautz ezagutu eta Michelin izarra duen Donostiako Kokotxa jatetxean bazkaltzera eraman zituzten. Luxuzko taxi-zerbitzua kontratatu zuten haien zerbitzura bidaia guztiak egiteko, guztira Jaurlaritzak ia bi mila euro ordainduta.
Azaroaren 4an heldu ziren Bilbora, ostiralez. Ur azpiko Crusoe Treasure upategian ardo- eta pintxo-dastaketak egin zituzten lehenik, guztira Jaurlaritzak 400 euro ordainduta; Guggenheim museoa bisitatu zuten ondoren, eta Michelin izarra duen Atelier Etxanobe luxuzko jatetxean afaldu zuten gero, guztira 930 euroan. Bost izarreko Gran Hotel Dominen igaro zuten gaua, Bilbo erdigunean, beste 900 euro ordainduta.
Sei kazetariak turismo-kazetaritzan espezializatutako Italiako hedabide hauetatik zetozen: Itinerari e Luoghi, Bell’Europa aldizkaria eta haren argitaletxe Cairo Editore, Radio Popolare eta Corriere della Sera hedabide entzutetsuaren Dove aldizkaria.
Asteburu hartako bidaiatik itzuli eta hilabete eskasera, Radio Popolarek ordutebete inguruko saioa eskaini zion Euskal Autonomia Erkidegoko turismoari, "exotiko" gisa azalduz “bertako hizkuntza minorizatua”, euskara. Dove aldizkariak bestalde, bidaia amaitu bezain pronto, Espainiako Estatuan “bisitatu beharreko hirien” zerrendatxo bat aurkeztu zuen eta tartean sartu zuen bai Donostia, bai Bilbo baita Errioxa ere, Arabari erreferentzia eginez.