argia.eus
INPRIMATU
Sostengu zabala igandeko Gure Esku Dago dinamikari
Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 15
Donostiako Eureka! museoan ehundik gora pertsonek eman diote babesa Gure Esku Dago ekimenari (argazkia: Deia)

Donostiako Eureka! zientzia museoan egin dute agerraldia igandean “Gaur hautetsontzia, bihar erabakia” lemadun kamiseta soinean eta ekainaren 21eko ekitaldietarako sarrerak eskuetan dituztela.

Politikagintzako ordezkarien artean, Karlos Garaikoetxea EAko eta Xabier Arzallus EAJko buruzagi historikoak, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea edota Aralarreko Patxi Zabaleta izan dira, besteak beste. Juan Jose Ibarretxe lehendakari oihak ere bere atxikimendua adierazi dio dinamikari, Donostiako agerraldian parte hartu ez badu ere.

LAB, ELA, STEE-Eilas, CCOO eta EHNE sindikatuetako ordezkariek ere bat egin dute atxikimenduarekin. Baita Euskal Herriko hainbat abokatu eta kazetari ezagunek ere: hala nola, Jone Goirizelaia eta Iñigo Iruin abokatuak, Garbiñe Biurrun (agerraldian ezin izan du egon) epailea eta Argiako Xabier Letona eta Berriako Martxelo Otamendi kazetariak.

EHUko irakasle, musikari, aktore eta idazle ugarik ere bat egin dute Gure Esku Dagoren ekimenarekin.

Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez irakurritako oharrean adierazi dute iritsi dela herritarrek parte-hartzeko garaia, eta igandeko ekimenetara gerturatzeko deia zabaldu diote euskal jendarte osoari: “Herri bat gara, herritarron garaia da, eta erabakitzeko eskubidea daukagu”.