Uztailaren 6tik 10era bitarte 11.261 dei erantzun dituzte SOS Nafarroaren 112 zenbakian. Besteak beste, entzierroaren osasun azpiegitura koordinatzen da zerbitzuaren egoitzatik.
Nafarroako presidenteorde Javier Remírez eta Osasun sailburu Santos Indurainek astelehenean bisitatu dute SOS Nafarroa larrialdiak kudeatzeko zerbitzuaren egoitza, eta hainbat datu eman dituzte bertan.
Egunero 2.252 dei jaso ditu 112 zenbakiak batezbeste Sanferminetako lehen bost egunetan, eta kopurua igo egin da asteburuan: 2.625 dei ostiralean, 2.994 larunbatean, eta 3.151 igandean.
Remirezek adierazi du Poliziaren aurrean 1.252 salaketa aurkeztu dituztela herritarrek. horietariko %79 –988 salaketa– lapurretengatik . Poliziaren arabera hamabost eraso matxista gertatu dira, eta 11 pertsona atxilotu dituzte horiek egitea leporatuta. Mugimendu feministaren arabera, edonola ere, hogei eraso baino gehiago egon dira astelehenera arte.