Tapia andreari zuzenduta, zuregana jotzen dugu Mutrikuko Portu Berriko proiektuarekiko Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin ez gaudela batere ados adierazteko. 90eko hamarkadaren amaieran, eta gure arrantza-portua babestuko zuen babes-dikea eraikitzeko aldarrikapen historikoan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak plan makiaveliko bat prestatu zuen, gure flota xumearen segurtasuna bermatzearen aitzakiaz, Mutrikuko ia badia osoa hartuko zuen neurri biblikoko kanpo-portu berria eraikitzeko.
Ondo zenekiten azpiegitura handi hura, behingoz Mutriku mapan kokatuko zuen arrantza-portutzat jo zena, ezin izango zela diseinatu zenuten bezala egin, 1999ko Ingurumenaren txostenak ondo argi uzten zuen bezala. Horregatik proiektu handi hura zatitu eta faseka aurkeztu zenuten, bera gauzatzerakoan izango zuen eragina arintzeko eta hormigoi-multzo baldar hura herritarroi poliki-poliki irentsiaraziko zeniguten proiektu bihurtuz.
Gogoan dut zure alderdiko zinegotzietako batek proiektua Mutrikuko hondamenditzat jo zuela publikoki, baita egiten ari ziren jardun ilegalak zehaztu eta azaldu zituen ingurumen-abokatu bati jaramonik egin ez zeniotela ere, EAJkoa huri ere. Era berean, Mutrikuko Udalaren barruan hausnarketa-zantzu oro bertan behera utzi zela aipatu zela gogorarazi nahi dut, "Dena edo ezer ez" delakoarekin.
Desadostasun ahotsei eta argudioei entzungor eginez, 2004an lanak hasi ziren eta 3 urte geroago, gelditu egin ziren, partida ekonomiko osoa (40 milioi euro inguru) amaitu zela argudiatuz. 15 urte luzez utzi duzue itsas-inguru eder eta zoragarri zena hondakindegi balitz bezala eta, betiko arrantza-portua berrantolatu behar izan ondoren, hotzikarak eragin ditzaken lanpostu bakarra sortu da.
Baina Tapia andreak erabaki, ia bi hamarkada geroago, eta biztanleriari inolako azalpen zehatzik eman gabe, orain, “dikearen amaiera” deitzen dioten proiektuari berriro ekitea erabaki du. Zer dela eta? Besteak-beste, berriz ere, zerutik etorritako diru publikoko 20 milioi euro daudelako, dagoeneko pazientzia amaitu zaien mutrikuarren eta bisitarien adimenaren aurka doazen lanetan xahutzeko.
Informazio gardenik ez dagoenez, eta zeure adierazpen bati edo besteri esker, badirudi ez zaretela asetuko publikoki esan diren adierazpenekin (orain dikea amaitu, gero gerokoak, “kadukatuta dago proiektua” …) eta Mutrikun beste kirol-portu bat eraikiko duzuela (bigarrena izango litzateke dagoeneko).
Argi dago, ordea, egiten duzuena egiten duzuela, eragin negatiboa izango duela bainulari guztientzat (betiko igerilekuaren ingurua eta Danborraren eta Mollaberriren arteko eremu osoa zementaztu eta bainua hartzea debekatzen diguzuen arte, noski), urak gutxi errejeneratuko direlako, surflari guztientzat, Alkoleako olatuan izango duen inpaktuagatik, herritarrontzat eta herriko bisitarientzat itsasorantz zabaltzen den ikuspegi zabal eta ederra betirako kondenatuko delako, eta abar. Honegatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak, oraingoan, hainbeste aipatzen duen begirunea, apaltasuna eta kalitate demokratikoa izatea espero dugu, mutrikuarren bizitzak betiko aldatuko dituen proiektu eta obra honi buruz herriak duen benetako iritzia kontuan hartzeko.
Era berean, hau da Ingurumen Ministerioari, arren, eskatzen dioguna: berrikusi dezala Eusko Jaurlaritzak kosta-mugapeari kanpo-portua justifikatzeko aurkeztutako informazioa eta, bere garaian aurkeztutakoa (Arrantza Portu Berria) orain eraiki nahi denarekin bat ez datorrela antzematen badu, berehala ken dezala obrak hastea ahalbidetu zuen esleipena.
Halaber, UNESCOri gogorarazi nahi diogu 2015etik Mutriku bere Munduko Geoparkearen parte dela. Horregatik, UNESCOri eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari exijitu diezaiotela proiektua geldiaraztea, 2004an onartu baitzen proiektu hau, Geoparkerik ere ez zegoenean, eta argi geratu da garai hartan emandako baimenak ez datozela bat egungo egoera eta betebeharrekin.
Azkenik, Mutrikuko alkate jaunari eskatzen diogu lehenbailehen erreferendum loteslea deitzeko, herriak erabaki dezan proiektuarekin jarraitu nahi duen edo, dikea dagoen tokian amaitu eta inguruak saneatu nahi dituen. Ez digu balio berandu gabiltzala argudioa erabiltzea, are gutxiago publikoki aitortu ez arren, Tapia andreak eta Erkoreka jaunak Mutrikuko portua 2021eko uztailean bisitatu zutenetik proiektu honen bilakaeraren berri bazuela susmatzen dugunean. Eta hori egiten ez baduzu, alkate jauna, zure alderdiak (EH Bilduk) hala exijitzea espero dugu, zeuon estatutuetan hala adierazten baituzue: “Erabaki estrategikoak hartzeko zuzeneko demokrazia sustatu behar da, eta, horretarako, erreferendumak eta herri-kontsultak bultzatu eta egin behar dira.”
Erreferendum Loteslea Mutrikun orain.
Joseba Mugerza Goiburu, “Danborzaleak” taldearen izenean.