argia.eus
INPRIMATU
SOS Himalaia fundazioa: hamar urte zortzimilakoen itzalean bizi direnei laguntzen
  • Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen omenez sorturiko fundazioak hamar urte bete ditu eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Belaguan asteburuan. Besteak beste, ospitale bat, eskola bat eta umezurtzentzako etxe bat eraiki dituzte urteotan Nepal, India eta Pakistanen.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko irailaren 26a
Makalu inguruan Seduwa herrian ospitale bat eraikitzen ari dira (ar.: SOS Himalaya)

Asteburu bete ekitaldi antolatu dute Izaban eta Belagua inguruan SOS Himalaiaren eskutik. Iñaki Otxoa de Olza Annapurnan hil zen mendizale nafarraren omenez sortu zen fundazioa duela hamar urte eta helburutzat dauka zortzimilako mendien magalean bizi diren jende xumeen beharrei erantzuna ematea.

Horretarako, hainbat proiektu dituzte abian, hala nola Makalu inguruan Seduwa herrian ospitale bat eraikitzea. Toki horretan, inor larri gaixotzen bada, helikopteroz soilik ebakuatu ahal izango lukete, eta bestela egun oso bat oinez egin gertuen dagoen ospitaleraino. Proiektu horren martxaren berri ere emango dute asteburuan.

Hamargarren urteurrenaren ospakizunetan, besteak beste, ostiral honetan Izabako Oroimenaren Etxean erakusketa zabalduko dute Iñaki Otxoa de Olzaren argazki ezezagunekin eta Iker Madoz mendizale nafarraren film bat proiektatuko dute.

Larunbatean berriz, goizez Erronkariko Goi Pirinioetako IX. Martxari ekingo diote, eta arratsaldez mahai-ingurua antolatu dute, Otxoa de Olza gertutik ezagutu zuten alpinista ezagunekin, tartean 2008an bere erreskatean parte hartu zuen Horia Colibassanu izango da.

 

 

Otxoa de Olza burubelarri inplikatu zen Himalaiako jendeen egoerarekin (arg: SOS Himalaya)

 

 

Otxoa de Olzaren erreskatea –azkenean ezin izan zuten bizirik atera Annapurnatik–, Himalaian inoiz izan den ahalegin handienetakoa, mendizaleen arteko elkartasunaren ikurtzat dute askok, gaur egungo jokabide indibidualista lehiakorrekin konparatuta.

Izar behaketa Belaguako aterpetxeko parkingean, Iñaki Otxoa de Olza I. Mendi Martxa, gastronomia eta artisautza feria, herri bazkaria… Igande arratsalderaino luzatuko dute festa Izaban, nafar Pirinioetako bimilakoetatik Himalaiako zortzimilakoetara elkartasuna helarazteko.