argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko Aldundiak atzera egin du: ez dute Gaztelugatxeko aparkalekua eraikiko oraingoz
  • Milioi bat euroko gastua izango zuten lanak hastear zeuden Bermeo eta Bakio arteko biotopo babestuan. Munduan lortu duen ospeagatik nabarmen egin du gora irlako bisitari kopuruak, Bizkaian turista gehien erakartzen duen bigarren lekua bilakatu arte. Hainbat eragilek aparkalekua eraikitzearen aurka egin ondoren, Foru Aldundiak plana birplanteatuko duela adierazi du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 10a
Turistak Gaztelugatxen.

Ia 730.000 bisitarekin itxi zuen 2019a Gaztelugatxek. Turismo masifikatuaren eredu bilakatzen ari da irla, eta ondorioz, Aldundiaren aurreikuspenen barruan zegoen 51 autorentzako lekua izango zuen aparkalekua egitea. Joan den urterako amaituta egongo zela adierazi zuen Aldundiak, baina gizarte-presio handiak izan ditu, SOS Gaztelugatxek jaso dituen 100.000tik gorako babesak, besteak beste. Proiektua, momentuz, bere horretan geratu da.

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du neurriak hartuko dituela “ingurumenaren arloko aberastasuna babesteko” asmoz.  3.024 lagunera murriztu du eguneko bisitari kopurua; hau da, aldi berean 340 pertsonak egon ahalko du irlan. SOS Gaztelugatxe mesfidati azaldu da Aldundiaren erabakiarekiko; “esperientziak esango digu lurzoru horrek benetan zenbateko hori jasan dezakeen, eremua degradatzen jarraitu gabe”.

Martxoaren 14tik aurrera jarriko dute martxan neurri hau, eta bisitariek bertara sartu ahal izateko aurretiaz internetetik txartela erosi beharko dute.