Javier Maroto Gasteizko alkateak magrebtarren kontra egindako adierazpenek “muga onartezinak” gainditu dituztela salatu du SOS Arrazakeriak. GKEak astelehenean iragarri du Maroto persona non grata izendatzeko ekimen bat aurkeztuko duela Udalean, barkamena publikoki eskatzen ez badu.
Fede Garcia SOS Arrazakeriako bozeramaileak oposizioari (EAJ, PSE eta Bildu) eskua luzatu dio ekimenarekin bat egiteko eta alkatea persona non grata izendatzeko. Era berean, gainontzeko alderdiei eskatu die Arabako Fiskaltzan Ongi Etorri plataformarekin batera aurkeztutako salaketarekin ere bat egiteko.
SOS Arrazakeriaren ustez Marotok delitua egin zuen magrebtarrak “gizarte laguntzetatik bizi direla” esatean. Alkatearen hitzek “gorrotoa bultzatu” eta “pertsonen duintasuna urratzen” dutela diote. Irtenbide bakarra alkateak “oker jokatu duela onartzea” dela adierazi dute
Hirugarren aukera bezala, GKEak hainbat legebiltzar-talderi proposatuko die izapideak hasteko Legebiltzarrak berak Maroto gaitzesteko. EAEn inork ez du persona non grata izendapena gaur egun.