Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak 2022ko otsailean jarritako 24 urteko zigorra. Epaiketan erabilitako bere testigantza bost egunetan torturatua izan ondoren egindakoa dela argudiatu zuen Iratxe Sorzabalek, baina Auzitegi Gorenak torturatua izan zela ukatu du.
Iratxe Sorzabal 2015ean atxilotu zuten Estatu Frantsesean eta han izan da preso iaz Espainiaratu zuten arte. Gijonen izandako atentatu bat leporatuta epaitu zuten eta 24 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2001ean izandako bost eguneko atxiloaldian, poltsa, elektrodoak, kolpeak eta mehatxuak etengabekoak izan zirela salatu zuen Sorzabalek.
Helegitea aztertu duen epaimahaia honako magistratuek osatu dute: Manuel Marchena (lehendakaria eta ponentea), Miguel Colmenero, Andrés Palomo, Susana Polo eta Javier Hernández. Beren aburuz ez da nahikoa Sorzabalek Gobernuz Kanpoko Erakundeen aurrean torturak salatzea eta horrek ez du frogatzen torturatua izan zenik.
Aitzitik, beren epaian azaltzen dutenez, atxiloaldian auzi-medikuak aztertu zuen eta ez zuen halakorik ondorioztatu, eta ondoren ospitalean egindako froga ugarietan ere ez zen torturarekin bat etor zitekeen lesiorik antzeman. Horren guztiaren ondorioz, beraz, epaimahaiak uste du ezin dela esan kasua ez zenik ikertu.
Amnesty Internationalek eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak sinesgarritzat jo zituzten Sorzabalen torturak. Apaimahaiarentzat, ordea, erakunde horien lana oso errespetagarria da, baina erakunde judizialek ezin dituzte irakurri horiek egiten dituzten txostenak behar adinako ikuspegi kritikorik gabe.
Horrez gain, epaimahaiaren ustez, Sorzabalen deklarazioa ez zen ezinbestekoa izan bere zigorrean, eta zigorra bestelako dokumentazio eta zantzu ugarietan oinarritu zen.