Sortzen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak antolatzen duen jaia maiatzaren 19an egingo da, Iruñeko Takonera lorategien inguruan.
Sortzen elkarteak 28 urte daramatza hezkuntza komunitatean Euskal eskola publiko berria aldarrikatzen, "haurra erdigunean jarriko duen eskola. Euskara eta euskal kulturan errotua eta hortik munduari irekia", prentsa oharrean dioenez." Guztiontzat eta guztiona; aniztasuna, naturaltasunez, aberastasun gisa onartu eta garatzeko baliabideak eskainiko dituena. Hezkidetzan oinarrituko dena, parte hartzailea eta komunitatean txertatua. Sortzen osatzen dugun ikastetxe, guraso talde, irakasle zein herritarron artean eguneroko lanarekin egiten diogu aurre erronka horri eta urteroko jaia horren isla txiki bat izan dadin ahalegintzen gara".
Euskaratik guztion eskola Sortzen da aurtengo leloa. " Euskara eskola, familia eta herriaren oinarri bezala ulertzen dugulako. Euskara ulertzen dugulako aniztasunean lokarri, denon proiektua den heziketa prozesua elkarrekin gorpuzteko lanabes, ezberdinen arteko zubi. Euskararen hazia auzo bizi onaren eskolarekin batera hedatuz joatea dugu helburu. Ikasle euskaldun eleaniztunak heztea da erronka, horretarako, euskara ardatz izango duen eskola zein auzo-herria sustatuz".