argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Sortzen Elkartea: “Elkarlana eta bere buruan gehiago sinestea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari”
  • Nafarroako Gobernuaren 16 hilabeteko lanaren balorazioa egiteko eskatu diegu 14 gizarte mugimenduri. ARGIA astekariaren 2.534 zenbakian jorratu da erreportajea. Hemen Sortzen Elkarteak hezkuntza munduaz egin duen balorazioa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko abenduaren 15a
Argazkia: Sortzen

Nola baloratzen duzue Nafarroako Gobernuak 16 hilabetetan zuen esparruan egin duen lana?

Aldaketa politikoa eman zenean, balorazio positiboa egin genuen Sortzen Elkartetik, UPNko José Iribasen garai ilun eta gogorretatik gentozen eta. Haize freskoa izan zen guretzat, behintzat Administraziotik euskararen kontrako kanpaina instituzionalak berriro ez pairatzaren zama gainetik kendu genuen eta.

Bere garaian aitortu genuen bezala, gobernu programaren akordioan euskararen ofizialtasuna lurralde osorako ez jasotzea ulertezina izan zen guretzat, milaka biztanle nafarren eskubideak berriro baztertuak gelditu ziren. Eta ildo honetan, hilabete hauetan “LOMCE nafar erara” pikutara bidaltzeko ahalegindu ez izana, kezkaz bizi dugu.

Zuen esparruan nora heldu beharko litzateke Gobernua gelditzen zaion legealdi denboran?

Hezkuntza Departamenduari, modu publikoan zein pribatuan, elkarlanerako deialdia egin diegun bezala, gure lehentasunak ere erakutsi dizkiegu: euskarazko hezkuntzaren garapena, LOMCEri ez, eskola inklusibo eta partehartzaile baten aldeko baliabideak handitzea, eskola tixikien aldeko politikak… Zentzu honetan, inoiz ezin gara ase sentitu, asko baitago egiteko, eta hor kokatzen dugu gure eginbeharra gizarte mugimendu gisa, Departamenduaren aurrean etengabeko aldarrikapenak eta hobekuntzak eskatzen. Legealdi hau bukatzean, espero dugu irailerako ikasgairik ez edukitzea.

Jarriko diozu nota bat 0tik 10era?

Ez diegu nota jarriko, bestelako ebaluazio eredu baten aldekoak baikara! Hori bai, bi gaitasun gehiago lantzeko eskatuko diogu: batetik, bere buruan gehiago sinestea, euskaldunak bigarren mailako biztanleak ez izateaz gain, Euskarazko Eredua Nafarroak duen aberastasun handienetarikoa da eta. Bestetik, bere ondokoekin elkarlanean gehiago aritzea, bestelako hezkuntza sistema bat posible da eta.