argia.eus
INPRIMATU
Sortzaile berriek daborduko eska dezakete Durangoko Azokaren beka
  • Durangoko Azokaren DA! Sormen Beka aurkeztu dute asteartean Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak. Beka horren helburuak dira euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztea euren lana ezagutzera eman dezaten. Daborduko proiektuak aurkez daitezke.

Hiruka .eus 2018ko uztailaren 11
Arantza Atutxa Gerediagako kudeatzailea eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, aurkezpenean.

Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak eta Aitziber Irigoras Durangoko Udaleko alkateak adierazi dutenez, beka ematerakoan kontuan hartuko dira Durangoko Azokak bere baitan batzen dituen diziplinak (literatura, musika, arte eszenikoak edota ikus-entzunezkoak), baina deialdi bakoitzean diziplina bat lehenetsiko da eta horren gaineko proiektuak onartuko dira, diziplina arteko uztarketak barne; aurtengo bekak, edozein generoko literatura izango du oinarri.

Denera, 15.000 euroko laguntza jasoko du aukeratuko den proiektuak; banaka zein taldeka aurkez daitezke proposamenak. Parte-hartzaileak sortzaile berriak direla kontuan hartzeko gehienez jota aurretik hiru lan baino gutxiago izan beharko dituzte argitaratuta edo plazaratuta. Bestalde, ez dituzte kontuan hartuko adingabekoen proiektuak.

Irailaren 21eko 1:00etan itxiko dute proposamenak aurkezteko epea. Ordura arte, oinarriei jarraiki,  gerediaga@durangokoazoka.eus posta elektronikora igorritako proiektuak baloratuko ditu epaimahaiak. Hautagai denetatik laupabost aukeratuko dituzte, proiektuaren defentsa egin dezaten. Ondoren, lan irabazlearen berri 53.Durangoko Azokan emango dute. Hautatuak urtebeteko epea izango du proiektua garatzeko. 54.Durangoko Azokan aurkeztuko da sorkuntza hori.

 

Albiste hau hiruka.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.