argia.eus
INPRIMATU
Sorturen zuzendaritza berria proposatu dute, “aldaketa sakona” gidatzeko
  • “Gaztetasuna eta esperientzia” uztartuko dituen zerrenda aurkeztu dute. Hala, Otegi da egungo zuzendaritzatik mantenduko litzatekeen bakarra.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 17a
Abian prozesuko ondorioetatik abiatuta osatu dute lan taldea. (Argazkia: ezkerabertzalea.info)

“Aldaketa sakonak gauzatzeko garaia da antolaketa moldeei, kultura politikoari eta praktika politikoari dagokionez", Sorturen arabera. Hori lortzeko bidean, “birfundazio” asanblada deitu dute uztailaren 2rako. Alderdiaren diseinua, araudia eta zuzendaritza aukeratuko dituzte, Barañainen.

Asanbladari begira, egungo Kontseilu Nazionalak zuzendaritza berria proposatu duela jakinarazi du Berria egunkariak. Sortuk uste du antolaketa aldetik “iraultzaren beharra” dagoela, eta bide horretan osatu dute lan talde berria: Arnaldo Otegi da egungo zuzendaritzatik mantenduko litzatekeen bakarra.

Otegirekin Bateragune auzian zigortutako beste hiru kide ere azaltzen dira zerrendan: Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta. Ipar Euskal Herriko bi ordezkariren izendapenaren faltan, Pello Otxandiano, Gorka Elejabarrieta, Maite Sabalza, Gotzon Elizburu, Enkarna Cordon, Jone Etxeberria, Unai Gonzalez, Oiakue Azpiri eta Haimar Altunak osatzen dute proposatutako taldea.

Sortuk zehaztu duenez, aukeraketa egiterako orduan “gaztetasuna eta esperientzia” hartu dituzte kontuan. Baita parekidetasuna ere; zazpi gizonezko eta sei emakumezko daude zerrendan. “Irismen nazionala” bermatzeko, aldiz, kideen lurraldetasuna hartu dute aintzat.