argia.eus
INPRIMATU
Sortuko militanteek ezker abertzalearen “ziklo berria” berretsi zuten Miribillan
  • Baietza sortzen lelopean, Sortuk ekitaldi politikoa egin zuen larunbatean Miribillako Bilbao Arenan, “ETAren amaierarekin batera ireki den ziklo politiko berriari bultzada emateko”. Antolatzaileen arabera, 4.000 pertsona inguru izan ziren ekitaldian.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 21

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek abiapuntu bat ezarri zuen ziklo berrirako: “Eskubide guztiak pertsona guztientzat; norbanakoen eskubideetatik hasita gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea lortu arte”. Alabaina, “errelatoaren batailak” eragiten dion kezka ere azaleratu zuen, errelatoa “eraiki” beharrean zenbaitzuk “irabazi” nahi dutelako.

“Herri hau borrokari esker irten zen frankismotik, eta gaur da eguna 78ko erregimena eta Espainiaren proiektua inoiz baino ahulago daudena”, esan zuen Rodriguezek.

Aro berria

Sorturen ustez, “ETAren amaierak Euskal Herriari bultzada politiko eta kulturala emateko pizgarria izan behar du”, eta Rodriguezek esan du: “Orain irabaztea tokatzen zaigu”.

Irabaztea aldaketa politikoaren bidetik, burujabetzaren aldeko herri-prozesu bat antolatzetik eta ezkerretik. Horretarako, proiektu independentista berritu behar dela adierazi du.

Ekitaldian, garrantzia berezia izan dute presoak, iheslariak eta deportatuak. Peru del Hoyok —Kepa del Hoyo presoaren semeak— eskutiz bat irakurri du, presoen izenean, eta hainbat preso ohi igo dira oholtzara, txalo artean.

Babesa nazioartetik

Nazioartetik etorritako ordezkaritza zabal batek parte hartu zuen ekitaldian. Atzerriko hainbat mugimenduetako ordezkariak izan ziren, kasu gehienetan borroka armatutik estrategia politikoaren bidea egin dutenak.

Hitza hartu zutenen artean izan ziren Sinn Fein alderdiko Michell O’Neill eta Korsikako asanbladako presidente Jean Guy Talamoni. Euskal Herriari elkartasuna eman zioten guztiek, eta ezker abertzaleak bakea eta askatasunaren bidean emandako pausoak goraipatu zituzten.