argia.eus
INPRIMATU
‘Sortuko dira besteak’ ikuskizunaz gozatzeko aukera berriak
  • Euskal sei kantari ezagun dira Sortuko dira besteak ikuskizuneko protagonistak. Euskal kantarien obrak eta nazioarteko klasikoak berreraman dituzte taula gainera. Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Alex Sardui (Gatibu), Mikel Urdangarin, Petti, Arantxa Irazusta eta Pier Paul Berzaitzen ahotsek beteko dituzte Elgeta, Bilbo, Donostia eta Gasteizko antzokiak.

2012ko azaroaren 21a

Xabier Lete, Mikel Laboa eta Benito Lertxundiren abestiak berreskuratzeaz gain, nazioarteko hainbat abeslari eta musika talderen kantak euskaratu eta eskainiko dituzte: Leonard Cohen, Lluis Llach, Pablo Milanes, Rolling Stones…

Bernardo Atxaga eta Amets Arzallusek ere tartea izango dute emanaldietan, propio ikuskizunerako prestatutako testuak errezitatuko baitituzte. “Olerkia eta kantagintza lotu zitezkeela konturatzea oso esanguratsua izan zen. Kantagintza aparteko tresneria da”, adierazi du Atxagak.

Bilboko emanaldia atzo aurkeztu zuten Arriaga antzokian. Bertan bildu ziren ikuskizuneko parte hartzaile batzuk, Joxean Goikoetxea musika zuzendariarekin eta Joxeanjel Arbelaitz birako sustatzailearekin batera.

Xabier Leteren omenalditik

Xabier Leteri egindako omenaldietan abestu ziren kantak ditu oinarri Sortuko dira besteak ikuskizunak. “Aurrez izandako sortzaileen lana belaunaldi berriek jarraitzeko gonbidapena da”, adierazi dute, besteak beste, ARGIA laguntzaile duten ikuskizunaren sortzaileek.

Emanaldien datak eta ordutegiak

Elgeta: Azaroak 25. 19:30ean Espaloia Kafe Antzokian. Sarrerak: www.kutxasarrerak.net helbidean edo takilan.

Bilbo: Abenduak 1. 20:00etan Arriaga Antzokian. Sarrerak: www.generaltickes.com/bbk helbidean edo takilan.

Gasteiz: Abenduak 15. 20:30ean Principal Antzokian. Sarrerak: www.entradas.cajavital.es helbidean edo takilan

Donostia: Abenduak 22. 20:00etan Kursaalean. Sarrerak: www.kutxasarrerak.net helbidean edo takilan.