Sortuk Yvan Colonna preso politiko korsikarraren heriotza salatu du eta doluminak helarazi dizkio Korsikako nazio askapen mugimenduari. Alderdi independentistaren hitzetan, "heriotza hau ekidin zitekeen" eta Frantziako Estatua egin du hilketaren erantzule: "Frantses estatuaren espetxe politikak hil egiten du".
Sortuk gogoratu du Yvan Colonna preso politiko korsikarra zenbait euskal presoren burkide izan zela espetxean eta "bereziki eskertu nahi diogu Yvani euskal nazio askapen mugimenduarekiko izandako begirunea".
Sorturen hitzetan, heriotza hau ekidin zitekeen. "2003an atxilotu eta bizi arteko zigorrera kondenatu zuten Yvan. Ordutik, behin eta berriz salatu zituen DPS edo zaintza bereziko presoaren estatutua izateagatik pairaturiko eskubide urraketak. Estatutu horren aitzakiarekin ukatu zitzaion Yvanni kondena Korsikan betetzeko aukera. Korsikako jendartearen gehiengo zabalaren eta bertako instituzioen aldarrikapena den preso politikoen askatze bidea oztopatzeko jarreran gotortuta dago Frantses Estatua. Preso politikoak etxera ekarri eta Korsikako zein Euskal Herriko gatazkei irtenbide demokratikoa emateko deia egiten diogu Frantses Estatuari".