Sortu alderdia, eskuin aldera egindako biraketa berria dela eta, aho zabalik utzi gaitu berriro ere. Irakurri berri dugunaren arabera, oraingo honetan, larriki gaixo dauden euskal preso politikoentzako espetxealdi arindua eskatu egin du. Gehiegizkoa al da aske utzi eta euren etxean suspertzea exijitzea baldin eta, zorte onez, halakorik posible balitz? Posible eta “ezinezko” dikotomiak, nazio eta klase etsaiarentzat onargarria dena aldarrikatzera garamatza.
Konplexua merkealditan dagoela diogu, eta hor dago “Independentistak” taldea, zeinek aurtengo Aberri Egunerako deialdiari uko egin dion, maiatzaren hauteskunde borrokak deialdi bateratua, halabeharrez, kutsatuko lukeelakoan daude-eta.
Gutxienez bi kontu azpimarratu nahi genuke: lehenik, EH Bilduren baitan denak ez direla independentistak (horrez gain, buruzagitzak interesa agertzen du independentzia zaleak ez direnak koaliziora erakartzen). Zer esanik ez dago EAJren egiturari eta beraren gehiengoari dagokienez, modu pribatuan nahiz jendaurrean uko egin baitiote aldarrikapen independentistari!
Bigarrenik, baldin eta hauteskundeek eragina badute egun bateko deialdi bateratuan (konpromisorik gabekoa eta litekeena da biharamunean batek baino gehiagok esandakoari muzin egitea), beherapenak merke baino merkeago daude. Hori dena, batez ere, Espainia eta Frantziari begira, beherapenak beraien eskuinaren, burgesiaren eta kapitalaren mesederako direlako (burgesia eusko-espainiarra ahaztu gabe), hau da, euren sistemari eusten dioten alderdien eta gainerako makuluen mesederako.
Gutxienez bi kontu azpimarratu nahi genuke: bat, EH Bilduren baitan denak ez direla independentistak. Bi, EAJren egiturari eta beraren gehiengoari dagokienez, modu pribatuan nahiz jendaurrean uko egin diote aldarrikapen independentistari
Argumentuaren hari berean, otsailaren 10ean, igandea, Naiz-en argitaratutako elkarrizketan Etxerat-ek, zoritxarrez, baztertzeko ezer ez duten adierazpenak eta asmoak agertu zituen. Etxerat-ek lan humanitarioa eta asistentziazko lanak aldarrikatu ditu beti. Hala ere, aipatu elkarrizketan bozeramaile ofizialek adierazitakoaren arabera, “salaketaz eta asistentziaz gain, konpontze-prozesu integralaren alde lan egin nahi dugu, berriro ez gertatzera eramango duena”. Sorturen estiloko adierazpenak, aldi berean, joan eta etorri egiten direnak.
Zein izan beharko luke konpontze-prozesu integralaren aldeko lanak euskaldunon aldetik? Bada, helburu historikoen aldeko borroka; hain zuzen ere, Ezker Abertzaleak (bere senitarteak barne direla) bizitza osoan borrokatu dituen helburuak, alegia, Euskal Herriaren Independentzia eta Sozialismoaren aldeko borroka. Noski, baldin eta bandera-ontzia halakorik egiteko prest ez badago, Etxerat, are gutxiago. Agerikoa dirudi.
Goian aipatutakoa honela amaitzen da: “Konponbide integralak berriro ez gertatzera eramango du”. Horrek badauka zentzurik, baina Independentzia eta Sozialismoa lortuz gero, jakina! Bistan denez, askapenerako ibilbide desberdina egin beharra dago, baina, beti ere, lortutakoaren defentsan.
Dena dela, hitz-jokoa denaren beldur gara pertsona asko. Ageriko kontraesan batez jantzitako jokoa da hori, hots, “lubakiak abandonaturik konponbide integralaren alde borrokatzea da hori, elkarri entzuteko” ez dirudi posible denik, konponbide politikoarekiko beste aldekoek erakutsitako gogo eza kontuan hartzen badugu.
Planteamendua ulertu ahal izateko ikastaro bat eman beharko digute, esaten omen dutena guztiz bestelakoa izatea dirudielako. Hau da, ez dago konponbide integralik, ezertxo ere ez. Berton, euskaldunoi dagokigunez, zatikako eta aldizkako errendizioa dator eta Ezker Abertzale Ofizial eta Erreformistako mundu guztiari dagokio.
Hor dugu Sortu, espainiar legalitatea ondorio guztiekin onartu duena, ETA, teoria iraultzailea eta armategia bertan behera utzi dituena eta abar. Ez dute negoziatu nahi? Bada, errenditu eta armak entregatzen ditugu. Legez kanpo utzi nahi gaituzte? Bada, okupatzen gaituztenen legeria onartzen dugu itsu-itsuan. Ez dute euskal preso politikoak askatu nahi? Bada, norberak bila dezala bere askatasuna. Modu horretara, ez diegu aurre egiten Euskal Langile Herria suntsitu nahi dutenei.
Gure galdera da (nahiz eta funtsezko zalantza ez izan) ea Sortu konplexuak Etxerat nahastu behar duen halako deskalabruan. Denbora pixka bat behar izan badute ere, baiezkoan gaude. Hala diote, behintzat, bozeramaileek.