argia.eus
INPRIMATU
Sortu ilegalizatzeko eskatu du berriz ere Terrorismoaren Biktimen Elkarteak
  • Horretarako 200 “argudio” baino gehiago biltzen dituen dokumentua aurkeztu dio elkarteak Jose Manuel Maza Espainiako Estatuko Fiskal Nagusiari. Maza erabat prest agertu da Terrorismoaren Biktimen Elkarteari laguntzeko.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 19a
Alfonso Sanchez eta Jose Manuel Maza (Arg: ABC)

Sortu “ETAren bozgorailua” dela uste du Alfonso Sanchez Terrorismoaren Biktimen Elkartearen (AVT) presidenteak. Bere iritziz, aurkeztu dituen argudioek frogatu egiten dute Sortuk “lotura hertsia” duela ETAren jarduerarekin erlazionatuta dauden hainbat sumarioekin.

Horrez gain, esan du Ministerio Publikoak ez duela “atzamarrik mugitu” ETAren biktimen defentsan. Bere hitzetan, “Sortuk ez du bere iragan terrorista gaitzetsi, eta joko demokratikoan sartzea onartu zaio”. ETAren 300 atentatu baino gehiago “ebatzi barik” daudela adierazi du Sanchezek, eta horiek argitzeko bidean, eskua luzatu dio Mazari jardunbide “berri eta posibleak” erabiltzen hasteko.    

Ministerio Publikoa estutu du Sanchezek: “ETAko presoen aldeko manifestazioetan eta biktimak iraintzen dituzten omenaldietan esku hartu behar du”. Sarek urtarrilaren 14an Bilbon deitutako manifestazioa eta Usurbilen egin den “Kalera Kalera” ekimena jarri ditu adibide modura AVT elkarteak.