argia.eus
INPRIMATU
Sorospenaren gainetik migrazioa oztopatzea hobesten denean
  • Italiak Mare Nostrum programa jarri zuen martxan 2013an eta Mediterraneoa gurutzatu nahi zuten migratzaileak erreskatatzea zuen bere funtzioen barruan. Hilero 9 milioi euro bideratu zituen Italiak programa honetara (Europar Batasunaren laguntzarik gabe) eta 150.000 lagun inguru salbatu zituzten.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko apirilaren 20a
13 urtean 23.000 hildako baino gehiago (gorriz) eragin ditu Europako migrazio politikak.

EBko hainbat gobernurentzat ordea –tartean Mariano Rajoyren Gobernuarentzat–, bizitzak salbatzen dituen horrelako programa bat “pizgarria” da migratzaileentzat, Europara bidaiatu nahi izatea sustatzen duelakoan. Ondorioa: Mare Nostrum desagertu eta Triton programa jarri zuen martxan EBk 2014an: Mare Nostrumen herena du aurrekontua, sorospena ez baizik mugak kontrolatzea du helburu eta 1.500 hildako baino gehiago izan da emaitza.

EBren bilera eta Frontex filosofia

Azken ezbeharren ostean, migrazio politikaz hitz egiteko bilduko da Europako Batzordea. Sorospen funtzioari diru eta baliabide gehiago ematea edo migrazioaren aurkako oztopoak iturburutik bertatik gogortzea izango dute eztabaidagai. Dakiguna da 2004an EBk kanpo-mugetako kontrola indartzeko Frontex agentzia sortu zuenetik (Triton programa Frontex-en barruan dago) migratzaileen bidaia eragoztea izan duela eginkizun nagusi eta lehentasunezko. Ez alferrik hainbat salaketa ditu Frontexek bere gain, aldamenetik barkuak pasa eta laguntza behar zuen jendeari jaramonik ez egitea leporatuta.

Soluzioak

Logika horren arriskuaz ohartarazi dute Amnesty International eta errefuxiatuen babeserako ACNUR erakundeek. Azken honen proposamenak dira, besteak beste, itsasoan bilaketa eta sorospena bermatuko duen programa ezartzea, pertsonak erreskatatzen dituzten barkuei ordainsaria ematea, bisatu humanitarioak ateratzea, halako bidaiei ez ekiteko migratzaileei leku bat eskaintzea edota Italia eta Greziara iristen diren errefuxiatu siriarrak birkokatzeko programa pilotua abiatzea.

Bitartean, Europa gotorlekua bailitzan babestea da EBren filosofia. Gakoa abiapuntua aldatzea dela argi du Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kideak: oztopoa jartzeak, “ezin du etorri” esateak, ez luke oinarria izan behar, migrazioa eta birmigrazioa erraztea baizik, eta estaturen batek kontrakoa eginez gero, zergatia justifikatu beharko luke. “Merkantziak eta kapitala alde batetik bestera mugitzen badira, pertsonek ere eskubidea behar lukete mugitzeko. Baina pertsonen migrazioa beti dago estatu hartzaileen menpe: zenbat, nondik, nola… etorri daitezkeen, besteak diren arren beharra dutenak”.

Informazio gehiago:

Atea zabaltzeko ordua.

“Lampedusan 200 migratzaile hil ostean izandako antzerki politikoari erantzuna da gutuna”.