argia.eus
INPRIMATU
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat
Behe Banda 2024ko abuztuaren 19a

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta. Baina izan gaitezen zintzoak; hau ez da Campos de Castilla.

Atoan nahastu zaizkit, nire nahi erromantikoaren aurka, kilkerrek soinu lotsatiak eta autoen burrunba jasanezinak; txorien kantu alferrak eta trenaren txilio gorgarria, izarren distira isila eta trailer baten foku erraldoia. Ezin esan naturaz gozatzera etorri naizenik, ezta kontrakoa ere.

Beti gustatu izan zait herria, edo landa-eremua, edo kalekumeok hiria ez den orori jartzen diogun edozein goitizen. Txikitan aspirazio zen niretzat: “Nagusia naizenean baserri batean biziko naiz, abereak zainduko ditut, bai eta ortua ere, eta haiek ematen didatenaz biziko naiz”. Ez dut batere argi ea inozoa edo jenio bat nintzen.

Urteak bete ahala nabarmen murriztu dira herrian igarotzen ditudan egunak, lana egin behar dudalako, oporretan noalako, bestelako plan bat sortu zaidalako… Edozein aitzakia ona da Alavabus batean igo eta atzean patatadi hura uzteko; jakin baitakit beti izango dudala bueltatzea.

"Urtez urte idorragoa den orube baten gainean eraikitako asentamenduak dira sarri, urtez urte zaharkituagoa den biztanleria hartzen dutenak, urtez urte hustuz doazen herriak"

Hori esatea ere, akaso, larregizko ausardia izango da. Urtez urte idorragoa den orube baten gainean eraikitako asentamenduak dira sarri, urtez urte zaharkituagoa den biztanleria hartzen dutenak, urtez urte hustuz doazen herriak. Eskolarik ez, dendarik ez, bizitzarik ez. Autobus bat Gasteizera zazpi orduan behin, eta astean okina dator hiru bider, ezin gaitezke kexa!

Frenetismora ohitu gara, edo ohitu gaituzte nonbait, eta hirietatik at bizi direnen tempoak ulergaitzak gerta litezke sarri. Edozer egiteko, edonora joateko pixka bat bederen itxaron behar izatea. Badago zer ikasi.

Hau, egia esan, inpotentzia baten kronika ere bada. Estimu handiz herriak behatzea, itotzen diren bitartean, Titanic demografikoa. Ukituta, urperatuta. Iceberg bat edo beste eta den-denak igeri izotzaren gainean tokitxo bat lortu ahal izateko. Dendarik ez, zerbitzurik ez, ez eta tabernatik ere! Animaliarik ere apenas, astoak besterik gabe.

Gezurra esango nuke aitortuko banizu, irakurle estimatu hori, loa kentzen didala etorkizunean herri honetan, herri hauetan, zer gertatuko pentsatzeak. Loa kentzen ez didala jakiteak, horrek bai mantentzen nauela iratzarrik. Ez, berriz, denbora luzerako. Etxera bueltan, ordu txikitan, loratzen zaizkidan burutaziok apuntatu eta azkar demonio joaten bainaiz, nire omen txarrerako, lotara.