argia.eus
INPRIMATU
Azaroaren 10etik 13ra sorkuntzen plaza bilakatuko da Galdakao
  • Amatasunaren inguruan ardaztuko dira ostegunetik igandera bitartean Galdakaoko Sormene sorkuntzen plazan egingo dituzten tailerrak, antzezlanak eta musika ikuskizunak. Edizio honetan emakumeen lana nabarmendu nahi dute, euskara, sorkuntza eta transmisioa uztartzearekin batera.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 08a
Sormene kultur ekimenak udazkeneko edizioa izango du azaroak 10tik 13ra.

Sormene sorkuntzen Galdakaoko plaza egitasmoak udazkeneko edizioa izango du aurten, azaroaren 10etik 13ra bitartean egingo dute. Amatasuna izango da gai nagusia. Hainbat euskal sortzailek tailerrak gidatuko dituzte eta ikuskizunak emango dituzte; Eider Eibar ilustratzailearen tailerrak emango dio hasiera ostegun goizean egitarauari, eta arratsaldean Esti Markez eta Danae Riaño musikariek “Hitzekin jolasean” diskoaren lagin bat eskainiko dute.

Ostegunetik igandera bitarteko egitarau osoa ikusgai dago Sormeneren webgunean, sortzaile bakoitzaren informazioarekin batera. Ekitaldiak doakoak izango dira, baina gonbidapena aldez aurretik eskuratu beharko da. Sormene egitasmoak “bi plaza” izango ditu: bata Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxea izango da, ekitaldiak egiteko egoitza nagusia izango baita. Ikastetxeetan ere egingo dira beste batzuk. Bigarren plaza Interneten egongo da; Sormeneren webgunean streaming bidez erreproduzituko dira emanaldi guztiak.

"Kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza" izateko asmoz antolatu zuten Sormeneren lehen aldiz 2020an, eta ordutik beste bi egin dituzte. Galdakaoko Udalaren proiektu bat da, baina herriko eragileekin elkarlanean antolatzen dute.